Itxi

Zinema eta Giza Eskubideak

"Muerte en Amara", Begoña Urrozen aurkako atentatua nork egin zuen argitzen duen dokumentala

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Giza Eskubideen Zinemaldiak ostiralean proiektatuko du "Muerte en Amara" Aitor González de Langaricak zuzendutako filma.

Aitor González de Langarica zuzendaria eta Nerea García ekoizlea. Argakia: Efe.

Muerte en Amara Aitor Gonzalez de Langaricak zuzendutako dokumentala ostiralean, hilak 18, estreinatuko dute Donostian, Giza Eskubideen Zinemaldian. EITBren parte hartzea duen filmak Begoña Urroz umearen aurkako atentatuaren frogak birpasatzen ditu, eta izen-abizenak jartzen dizkio 1960an Donostian egindako atentatuaren egileari. Urte askoan, ETAri leporatu zioten hilketa, baina DRIL Askapenerako Direktorio Iraultzaile Iberiarra talde antifrankista eta antisalzaristak egin zuen.

Guillermo Santoro ustezko hiltzaileak ez zuen zigorrik jaso, eta sekula ez zion familiari barkamenik eskatu.  

Ordubetez, Gaizka Fernandez historialariak eta Manuel Aguilar kazetariak Begoña Urrozen hilketaren inguruan egindako ikerketa aletzen du filmak.

Dokumentalean, Guillermo Santorori egozten diote hilketa; bera izan zen, filmean esaten denez, maleta bat erosi eta Amarako geltokian utzi zuena, lehergaiz beteta. Soledadek, Begoña Urrozen izebak, bertan lan egiten zuen, eta harekin zegoen umea, ama zapata batzuk erostera joan zen bitartean.

Dokumentalean erakusten denez, bonba maleta jarri eta gero, Guillermo Santorok Frantziara egin zuen, eta handik Belgikara. Geroago, Santoro Galiziara itzuli zen eta bizimodu "erabat normala" egin zuen Vigon. "Inork ez zion konturik eskatu, eta, guk dakigula, inoiz ez zuen gertakari hartaz hitz egin, ez zuen errua bere gain hartu eta ez zion familiari barkamenik eskatu", adierazi du Fernandezek.