13. edizioa
Zinemagileen Artean zinema zikloak kristalezko sabaiak apurtu nahi ditu Bilbon
N. V. | EITB Media
Emakume zinemagileen jaialdiaren 13. edizioa maiatzaren 27tik 31ra egingo dute, Azkuna Zentroan.
Zinemagileen Artean emakume zinemagileen jaialdiaren 13. edizioa egingo dute maiatzaren 27tik 31ra Bilbon, Azkuna Zentroan. Jaialdi ibiltariak kristalezko sabaiak hausteko programazioa eskainiko du Bilbon egingo duen geldialdian, emakume zinemagileek eginiko filmen bidez.
13. edizioa irekitzeko, Lina Soualem palestinar zuzendariak Bye Bye Tiberias bere dokumental saritua aurkeztuko du, familiako emakumeen patu okerra biltzen duena. Gainera, asteartean, maiatzak 28, Phantom youth Luàna Bajrami kosovar zuzendariaren lana proiektatuko da: 2000ko hamarkadako kosovar gazteriaren erretratua da, independentzia aldarrikatzear den herrialde batean bere tokia bilatzen ari den talde batena. Lehenago, Zaintzen duten emakume baserritarrak film laburra emango dute.
Tessa Leuwsha herbeheretarrak Mother Suriname pelikula ekarriko du asteazkenean Bilbora, amamarengan oinarritutako dokumental bat; etxeko esklabua izan zen, gurasoek Surinam Herbehereetako kolonia ohian adopzioan utzi eta gero. Ostegunean, Asmae El Moudir marokoar zinemagile eta gidoigileak The moter of all lies 1981ean Casablancan izandako protesta dramatikoak jasotzen dituen filma aurkeztuko du.
Azkenik, Sages-femmes Léa Fehner frantses zuzendariaren pelikula ikusi ahalko da, bi emaginen ikuspegitik Frantziako osasun sistema kezkagarriaren hutsuneak erakusten dituen pelikula.