Filmatzea
"Los aitas" Borja Cobeagaren komedia filmatzen hasi dira
N. V. | EITB Media
Quim Gutierrez, Juan Diego Botto, Ramón Barea eta Sofia Otero gaztea ("20.000 especies de abejas") ageri dira Bilbon 80ko hamarkadaren amaieran girotutako pelikularen aktore zerrendan.
Borja Cobeaga zuzendaria Los aitas filmatzen hasi da, Cobeagak berak (Pagafantas, 8 apellidos vacos) eta Valentina Visok idatzi duten komedia. EITBren parte hartzea du filmak, eta 1980ko hamarkada amaierako Bilbon dago girotuta: aita talde batek alabei lagundu beharko die Berlinen jokatuko den gimnasia txapelketa batera.
Aktore hauek ari dira pelikulan parte hartzen: Quim Gutierrez, Juan Diego Botto, Ramon Barea, Sofia Otero (Berlingo zinema jaialdiko Zilarrezko Hartzaren irabazlea), Irati Goitia, Mara Garces Renedo, Vera Lopez, Irati Garcia, Aitor Sanz Alvarez, Iñaki Ardanaz, Mikel Losada eta Laura Weissmahr.
Cobeagak azaldu duenez, "aitatasunari buruz idatzi dudan lehen gidoia da, eta konturatu naiz seme edo alaba izateko moduak direla istorioaren funtsa, nire aitaren belaunaldiaren eta nirearen artean nola aldatu diren aitatasun ereduak".
Bilboko langile auzo batean, 1980ko hamarkadan, gimnasia erritmikoko neskato talde bati Berlingo txapelketa batean parte hartzeko aukera sortuko zaio. Aitek lagundu beharko diete bertara, baina ez dirudi asko interesatzen zaienik ez bidaia, ez kirol hori, ezta alabak ere.