Estreina
Pablo Hernandok Sitgeseko jaialdian aurkeztuko du "Una ballena"
N. V. | EITB Media
Gasteiztar zinemagilearen pelikulak Ingrid García-Jonsson eta Ramón Barea ditu protagonista, eta Sail Ofizialean proiektatuko dute Kataluniako jaialdian.
Pablo Hernando gasteiztar zuzendariak (Cabas, Berserker) Zinema Fantastikoaren Kataluniako Nazioarteko Jaialdiaren 57. edizioko Sail Ofizialean estreinatuko du Una ballena film luzea. Urriaren 3tik 13ra egingo dute zinema jaialdia, Bartzelonako udalerrian.
Ingrid García-Jonsson da EITBren parte-hartzea duen filmeko protagonista: soldatapeko hiltzaile beldurgarria da, etsaiaren inguruan sartu eta arrastorik utzi gabe ihes egiteko ahalmena duena. Baina botere hori kanpoko mundu batetik datorkio, izaki izugarriak bizi diren bizitoki batetik, eta gizatasuna agortzen doakio. Antzeztaldean, Ramón Barea eta Kepa Errasti ere badaude, besteak beste.
Thrillerra, genero beltza, zientzia-fikzioa eta fantasia uztartzen ditu pelikulak, eta, ekoizleen hitzetan, "Nicolas Winding Refnek zuzendutako Le samurai baten itxura du".
Quentin Dupieux, Carles Torrens, Alice Lowe, Kiyoshi Kurosawa eta Soi Cheang dira beren filmak Sitgesko Sail Ofizialean aurkeztuko dituzten beste zinemagileetako batzuk.
Halaber, jaialdiak sarituko dituenen artean egongo dira Nick Frost britainiar aktore eta gidoigilea, Corey Feldman estatubatuar aktorea, Heather Langenkamp estatubatuar aktorea (Nancy, Nightmare on Elm Streeten) eta Fred Dekker estatubatuar ekoizle, zuzendari eta gidoigilea.