Itxi

Irailak 4-7

Animazio-zinemak hitzordua du Deban, beste behin

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Animadeba jaialdiaren 17. edizioa egingo dute irailaren 4tik 7ra. Ostiralean, EITB Gala ospatuko da, eta Isabel Herguera donostiar zinemagileak EITB saria jasoko du bertan.

Isabel Herguera saritu, eta "El sueño de la sultana" filma proiektatuko dute

Beste urte batez (hamazazpigarrenez, hain zuzen ere), animazioko zinemaren industriak eta ikusleek hitzordua dute Deban, irailaren 4tik 7ra oraingoan. Gaur aurkeztu dute Animadeba topagunearen aurtengo edizioa, San Telmo Museoan, Donostian.

Arduradunek, programazioari dagokionez, nazioarteko film laburren lehiaketa eta haur zein helduentzako film luzeak nabarmendu dituzte. Gainera, sormen laborategiez, kontzertuez (Anari, Esanezin), ikuskizunez eta beste hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera ere izango da lau egunean.

Aurten, lehen aldiz, EITB Gala ospatuko dute ostiral gauean, 22:00etan, eta Isabel Herguera donostiar zinemagileak EITB saria jasoko du bertan. Galan, gainera, Hergueraren El Sueño de la Sultana film luzea eta La Mujer Ilustrada film laburra ere proiektatuko dira. 

Sail Ofizialean, hamar film labur lehiatuko dira; EHU Zuzendari Berriak sailean, beste hamar.  Isabel Herguerak, Igor Prasselek eta Juan Pablo Zaramellak osatuko dute epaimahai ofiziala.