Filmatzea
Paul Urkijok urte hasieran ekingo dio "Gaua", bere hirugarren luzea, filmatzeari
N. V. | EITB Media
Arabar zinemagileak Sitgeseko zinema jaialdian aurkeztu du proiektua, "XVII. mendean girotutako istorioa, fantasiaren eta errealitate historikoaren artean mugitzen dena".
Paul Urkijo zinemagileak Gaua, bere hirugarren film luzea, aurkeztu du Sitgesen, Bartzelonako hiriko fantasiazko zinema jaialdian. Errementari eta Irati lanen ondoren iritsiko da Gaua.
Istorioa "fantasiaren eta errealitate historikoaren artean mugituko da, baina oraingoan euskal mitologiaren gaueko munduan murgilduko da, XVII. mendean girotuta", zinemagileak azaldu duenez.
Gauak EITBren parte hartzea du, eta Irusoinek, Ikusgarri Filmsek eta Vilaüt Filmsek ekoitzi dute. 2025eko hasieran abiatuko dituzte filmatze lanak, Euskal Herriko hainbat tokitan.
Hau da filmaren sinopsia: "Euskal mendiak, XVII. mendean. Sorgin ehiza betean, Kattalin baserritik irtengo da gau batez, senarrarengandik ihesi. Baso ilunean galdurik, zerbait atzetik daukala igarriko du. Bide horretan, hiru emakume maitagarri topatuko ditu, arropa garbitzen ari diren bitartean beldurrezko ipuinak kontatzen eta herriko esamesak komentatzen dituztela. Harrituta, Kattalin konturatuko da esamesa horietako batzuk berari buruzkoak direla".