Urriak 21-25
Euskal Zinema Dokumentalaren X. Astean bost film emango dira Gasteizen
N. V. | EITB Media
"Los Williams", "Muerte en Amara", "Arantzazu", "Chaplin" eta "Esto no es Hollywood" proiektatuko dituzte Vital Fundazioaren Kulturunean, doako sarrerarekin.
Euskal Zinema Dokumentalaren Astearen hamargarren edizioa egingo dute urriaren 21etik 25era bitartean; bost film emango dituzte, 19:00etan hasita eta sarrera librea dela, Vital Fundazioa Kulturunean, Gasteizen.
Aurtengo berritasun nagusia da Vital Fundazioak Dokumental Onenarentzako Publikoaren Saria antolatu duela, 2.000 eurokoa, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Ohi bezala, dokumentala aurkeztu eta, bukatutakoan, solasaldia izango da.
Los Williams Raul de la Fuentek zuzendutako dokumentalak hasiko du zikloa urriaren 21ean. Iñaki eta Nico Williams futbol jokalariek lehenengo pertsonan kontatutako film luze dokumentala da, familiari eta kirolari buruzkoa.
Hilaren 22an, Aitor Gonzalez de Langarica arabarraren Muerte en Amara ikusi ahalko da. Zuri-beltzean grabatua, Donostiako Giza Eskubideen Nazioarteko Zinemaldiaren azken edizioan aurkeztu dute, eta Gaizka Fernandezek eta Manuel Aguilarrek Begoña Urrozen kasuari buruz egindako ikerketa jarraitzen du. Donostiako Amara geltokian 1960an bonbaz egindako atentatu batean hil zuten 20 hilabeteko haurtxoa zen Urroz.
Euskal Zinema Dokumentalaren X. Asteak urriaren 23an jarraituko du, Pello Sarasuaren Arantzazu dokumentalarekin.
Carmen Chaplinek Chaplin | Espíritu gitano aurkeztuko du hilaren 24an. Filmak artistaren herentzia erromaniaren esplorazio argigarria da, Geraldine Chaplinek, Johnny Deepek, Fernando Truebak eta Alba Floresek hartu dute parte, besteak beste. Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazi du aurtengo Donostia Zinemaldian.
Azkenik, urriaren 25ean, zinemaz hitz egingo da Esto no es Hollywood Jone Ibarretxeren eta Nere Falaganen filmaren eskutik. Aitaren eta osaben heriotzaren ondoren, Jone Ibarretxek Ibarretxe anaiei buruzko dokumentala egitea erabaki zuen, eta Donostiako Zinemaldian estreinatu duten lana da horren emaitza.