Izendapenak
"La infiltrada" filmak 13 izendapen lortu ditu Goya sarietarako
N. V. | EITB Media
Espainiako Zinema Akademiak Goya sarietarako izendatuen zerrenda iragarri du gaur. "Marco"k bost izendapen jaso ditu, eta "Betiko gaua" film laburra ere izendatuen artean dago otsailaren 8an Granadan banatuko dituzten sarietarako.
Espainiako Zinema Akademiak Goya sarietarako film eta profesional izendatuen zerrenda iragarri du gaur Granadan, otsailaren 8an sari banaketa hartuko duen hirian bertan.
La infiltrada Arantxa Echevarriak zuzendu duen filmak 13 izendapen jaso ditu, tartean film onenarena, zuzendari onenarena (Arantxa Echevarria), emakumezko aktore protagonista onenarena (Carolina Yuste), jatorrizko gidoi onenarena (Arantxa Echevarria eta Amelia Mora) eta antzeztaldeko emakumezko (Nausicaa Bonnin) eta gizonezko (Luis Tosar) aktore onenarena.
Bestalde, Marco Moriarti hirukotearen filmak bost izendapen jaso ditu: zuzendaritza (Jon Garaño eta Aitor Arregi), gizonezko aktore protagonista (Eduard Fernandez), jatorrizko gidoia, makillatze eta ile apainketa eta efektu bereziak.
Horiez gain, Betiko gaua Eneko Sagardoyk euskaraz filmatutakoa fikziozko film labur onenaren sailean lehiatuko da, Mamántula Ion de Sosa donostiarraren pelikula bezala.
Aktore protagonisten sailetan ere euskal ordezkaritza egongo da. Patricia Lopez Arnaiz emakumezko aktore protagonistaren atalean izendatuta dago, Los destellos filmean egin duen lanagatik, eta Urko Olazabal gizonen atalean, Soy Nevenka pelikulan Ismael Alvarez abusatzailearena egiteagatik.
Musikan, Fernando Velazquez (La infiltrada) eta Alberto Igesias donostiarra (The room next door) daude izendatuta jatorrizko musika onenaren sailean, eta Velazquez kantu onenarenean ere, "Show me" Buffalo kids filmerako egindako abestiari esker.
Beste euskal film eta profesional batzuk ere daude izendatuen artean, hala nola Semillas de Kivu film labur dokumentala (Amania Films eta Uniko ekoiztetxeak), La mujer ilustrada Isabel Hergueraren animaziozko film laburra eta Joana M. Ortueta Valentzian ezarritako bilbotar gidoilaria, La casa filmaren gidoia egokitzen egindako lanagatik.
Guztira, 30 izendapen jaso ditu euskal zinemak, horietatik 20 EITBren parte-hartzea duten filmengatik: La infiltrada, Marco, Betiko gaua eta La mujer ilustrada.
Orotara, El 47 flimak bildu ditu izendapen gehien, 14, eta haren ostean dira La infiltrada" (13), Segundo premio (11), The room next door (10), La virgen roja (9), Casa en flames (8) eta La estrella azul (8).