Otsailak 24 – martxoak 1
Hamar film luze eta zazpi film labur, Punto de Vista jaialdiaren Sail Ofizialean
N. V. | EITB Media
Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Nafarroako Jaialdiak hemeretzigarren edizioa izango du aurtengoa, Iruñean. Maddi Barber eta Marina Lameiro zinemagileek atal horretan erakutsiko dute "Cambium" filma.
Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Nafarroako Jaialdiak Sail Ofizialerako aukeratu dituzten filmak iragarri ditu gaur, astelehenarekin. Zinema jaialdiaren hemeretzigarren edizioa otsailaren 24tik martxoaren 1era egingo dute, Iruñean.
Guztira, hamar film luze eta zazpi film labur lehiatuko dira, sari hauek lortzeko: Punto de Vista sari nagusia film onenarentzat (10.000 euro), zuzendari onenaren Jean Vigo saria (5.000 euro), film labur onenaren EITB saria (3.000 euro), film onenaren publikoaren saria (1.650 euro) eta film onenaren gazteriaren saria (1.500 euro). Gainera, nazioarteko epaimahaiak bi aipamen berezi egin ahal izango ditu, diru saririk gabekoak.
Sail Ofizialeko film garrantzitsuenei dagokienez, Jose Luis Sepulveda eta Carolina Adriazola txiletarren Cuadro negro film luze berriaren munduko estreinaldia izango da, baita Emilio Huperen El viento que golpea mi ventana eta Ramon Balcellsen A. ere. Gainera, Maddi Barber eta Marina Lameiro nafar zinemagileek Cambium estreinatuko dute, Visions du Réel (Nyon, Suitza) eta Rencontres Internationales Paris/Berlin jaialdietan erakutsi eta gero.
Cambium, zuhaitzen geruza zelularra, enborra eta sustraiak zeharkatzen dituen mintz aldakorra da, eta hazkuntza eragiten du. Nafarroako Pirinioetan, komunitate batek pinudi bat botatzea erabaki du, antzinako laborantza-eremuak eta animalia-larreak berreskuratzeko. Bi denboratan egituratutako filma, indarkeria eta lurra zaintzeko jarduerek zeharkatutako lurralde baten aldaketa irudikatzen du.
Bestalde, jaialdia ireki eta ixteko ardura Tent City (1980) Miñuca Villaverde kubatar zinemagile aitzindariaren dokumental bakarrak eta Sepio Frans van de Staaken lanak izango dute, hurrenez hurren.
Atal Ofizialeko Hautaketa Batzordeko kideak hauek dira: Manuel Asin Punto de Vistaren zuzendaria, Lucia Salas, Frédérique Monblanc, Anna Brufau eta Pablo Garcia Canga.
Fokuak atalean, bi atzerabegirako programatuko dira: Frans Van de Staak (1943- 2001) zinemagile nederlandarraren obrarena bata, eta Anne-Marie Faux zinemagile frantsesaren obrarena bestea.