Jaialdiak
"Jone, batzuetan" eta "Todo lo que no sé" filmak Malagako jaialdiko Sail Ofizialean lehiatuko dira
N. V. | EITB Media
Andaluziako jaialdiko Sail Ofizialean izango dira, lehiatik kanpo, "Faisaien irla", "Los aitas" eta "8" Julio Medemen film berria ere.


"Jone, batzuetan"
Malagako zinema jaialdia martxoaren 14tik 23ra egingo dute, Andaluziako hirian, eta Jone, batzuetan Sara Fantova zinemagilearen (Bilbo, 1993) lehen film luzea eta Todo lo que no sé Ana Lambarri enkarterriar zinemagilearen lana Sail Ofizialean lehiatuko dira, besteak beste, Daniel Guzmanen, Belén Funesen, Celia Ricoren eta Gracia Querejetaren azken filmekin.
Abuztu betean, Jone 20 urteko emakumea Bilbon kokatzen du Jone, batzuetan EITBren parte-hartzea duen euskarazko filmean. Aste Nagusia hasi berritan, lehen aldiz maiteminduko da, eta zirrara hori aitaren gaixotasunarekin nahasiko zaio.
Todo lo que no sé filmaren protagonista Laura da. Bizimodu aspergarria du, eta ohikotasun hori goitik behera etorriko da halako batean iraganeko proiektu bat berreskuratzen duenean. Susana Abaituak gorpuzten duen pertsonaiak lehen mailan jarriko du bere burua, eta ordaina jaso beharko du horregatik.
Sail Ofizialean ikusi ahalko dira, halaber, lehiatik kanpo hori bai, Faisaien irla Asier Urbietaren opera prima, Los aitas Borja Cobeagaren film berria eta 8 Julio Medemen lana.
Dokumentalen arloan, Ander Duque bilbotarrak Burnout aurkeztuko du, artearen arloko prekarietateaz Felipe Almendrosekin batera idatziriko lana, eta Tamara Garciak Locas del ático dokumental laburra. Film laburrei dagokienez, Eneko Muruzabalek Planetagatik erakutsiko du, Ander Iriartek Judoka, Estibaliz Urresolaren gidoia duen pelikula, eta María Algorak eta Mikel Bustamantek Lo que no se ve suizidioari buruzko lana; animazioan, Begoña Arosteguik El cambio de rueda Goya sarietan izendatutako pelikula, Izibene Oñederrak Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) eta Sonia Estevezek Plazer bat erakutsiko dute; eta Elixabet Nuñezek A-Maniki bere lehen filma.
Halaber, Afirmando los Derechos de las Mujeres (emakumeen eskubideak berresten) atalean, Ane Inés Landetak eta Lorea Lyonsek Azkena film laburra aurkeztuko dute, amatasunari buruzko hausnarketa bat, eta Ander Iriartek eta Amaia Merinok Indarkeriaren oi(h)artzunak Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian film luze onenaren saria irabazi zuen lana.
Cine Cocina atalean, lehiatik kanpo, Mugaritz. Sin pan ni postre Andoni Luis Adurizen jatetxeari buruzko dokumentala aurkeztuko du Paco Plaza zinemagileak. Horrez gain, Documentales Pases Especiales atalean Dolores Ibarruri Pasionariari eta Urtaini buruzko dokuentalak programatu dituzte; azken lan horrek EITBren parte-hartzea du. Paco Rabanne, una vida fuera del patrón lana ere ikusi ahalko da, Pasaian jaiotako jostunari buruz.
Jone, batzuetan, Faisaien irla, Los aitas, Azkena, Judoka, Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) eta Indarkeriaren oi(h)artzunak filmek EITBren parte-hartzea dute.