Itxi

ZINEMALDIAREN AURPEGIAK

Publikoa, Zinemaldiaren oinarria

Natxo Velez | eitb.com

Zinemak publikoa izaten du helburu, eta, hain zuzen, publiko horrexek elikatzen du zinema jaialdia egunotan. Irailean, Donostian, jendeak aho batez erantzuten dio zinemarekiko hitzorduari.

Jendea, Kursaalen sarrerak erosteko zain

Galak, emanaldiak, erakusketak, ikastaroak... Jarduera horiek guztiek ez lukete zentzurik izango, atzetik, horiei eutsiz, publikorik ez balego, eta, egunotan, donostiarrek eta bisitariek erantzun bikaina ematen diote programazioari urterik urte.

Garai latzak dira zinemaren industriarentzat, arlo ekonomikoan: zinema-areto eta bideoklub asko itxi dituzte, murrizketak egin dira, aurrekontu apalagoak daude... Hori gutxi ez, eta etxeko ekonomiak ere ez dira inola ere, oro har, oparoak... Hala ere, egoera hori gorabehera, Zinemaldiak herritarren babesa izaten du beti: barealdia ekartzen du aste honek egunerokoaren ekaitz girora.

Salgai jarri zituzten egunean, hamabi orduan 55.800 sarrera saldu ziren, 2012an baino % 12 gehiago eta 2011n baino gehiago ere, nahiz eta, hainbat arazo teknikoren ondorioz, txartelak erosteko zailtasun batzuk egon ziren. Hainbat saiotako, besteak beste Hugh Jackmani Donostia Saria emateko galako, sarrerak ere di-da bukatu ziren lehen egun horretan.

Aretoak, beraz, beteta egongo dira Zinemaldiaren edizio honetan ere, eta kaleek egun horietan hartu ohi duten giro berezia bereganatuko dute berriz: zinemazaleak, bisitariak, jarduera paraleloetako parte-hartzaileak, sinaduren bila aritzen diren zaleak... zinema jaialdiko giza paisaia zipriztintzen izango dira berriz Donostian.

Informazio gehiago (1)