Itxi

Profila

Carmen Maura: lehen 'Almodovar neska'

Lau Goya sari eta Frantziako zinemaren Cesar sari bat eskuratu ditu Carmen Maurak eta Donostia Saria jasotzen duen lehen emakumezko aktore espainiarra izango da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Lehen "Almodovar neska" bezala ezaguna den Carmen Maura 2013ko Zinemaldian izango da, Alex de la Iglesiaren "Las Brujas de Zugarramurdi" pelikula aurkezten. Gainera, bere ibilbideari omenaldia egingo diote Donostia Saria emanez.

Carmen Maura Madrilen jaio zen, eta antzerkian hasi zen aktore-lanak egiten, baita telebistako eta zinemako rol txikietan ere. Fernando García Tolak zuzendutako "Esta noche" telebista-programari esker egin zen ospetsu, TVE katean. Horren ondoren, Fernando Colomoren bi filmetako protagonista izan zen: "Tigres de papel" (1977) eta "¿Qué hace una chica como tú en un sitio como éste?" (1978). Bi lan horiei esker, Espainiako zinemagintza berritzen ari ziren zinemagile gazteen belaunaldi oso baten ikono bilakatu zen. Pedro Almodóvarren hiru film enblematikoenetakori esker, rol hori sendotu egin zuen: "Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón" (1980), "Entre tinieblas" (1983) eta "¿Qué he hecho yo para merecer esto?" (1984). Azken film horretan egindako lanarekin, Almodóvarren zinemaren aurpegirik ohikoena bilakatu zen, aipatutako zuzendariarekin egindako hurrengo lanei esker: "Matador" (1986), "La ley del deseo" (1987), "Mujeres al borde de un ataque de nervios" (1988) eta "Volver" (2005).

Bere filmografian ehun lan baino gehiago ditu Carmen Maurak, eta Espainiako zinemagintzako zuzendaririk garrantzitsuenekin lan egin du: Carlos Saura ("¡Ay, Carmela!", 1990), José Luis Borau ("Tata mía", 1986), Fernando Trueba ("Sal gorda", 1984; "Sé infiel y no mires con quién", 1985), Gonzalo Suárez ("La reina anónima", 1992), Mario Camus ("Sombras en una batalla", 1993), Enrique Urbizu ("Cómo ser infeliz y disfrutarlo", 1994), Manuel Gutiérrez Aragón ("El rey del río", 1995), Manuel Gómez Pereira ("Reinas", 2005) edota Agustí Villaronga ("Carta a Eva", 2012), beste hainbaten artean. Nazioartean ere ibilbide garrantzitsua egin du: Francis Ford Coppola ("Tetro", 2009), Roger Planchon ("Louis, enfant roi", 1993), Étienne Chatiliez ("Le Bonheur est dans le pré", 1995), Jean-Pierre Mocky ("Alliance cherche doigt", 1997), André Téchiné ("Alice et Martin", 1998), Alejandro Agresti ("Valentín", 2002), Amos Gitai ("Free Zone", 2005), John Irvin ("The Garden of Eden", 2008) edota Philippe Le Guay ("Les Femmes du 6ème étage", 2010).

Carmen Maurak errekonozimendu eta sari ugari jaso ditu bere ibilbidean zehar: lau Goya sari ("Mujeres al borde de un ataque de nervios", "¡Ay Carmela!", "La comunidad" eta "Volver"), emakumezko aktore onenaren saria Canneseko zinema-jaialdian ("Volver"), emakumezko aktore onenaren saria Veneziako zinema-jaialdian ("Mujeres al borde de un ataque de nervios"), emakumezko aktore onenaren César sarietarako hautagai izan zen ("Le Bonheur est dans le pré"), antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren César saria ("Les Femmes du 6ème étage") eta Europako Zinema Akademiaren bi sari ("Mujeres al borde de un ataque de nervios" eta "¡Ay, Carmela!"). Halaber, Zinema Akademiaren Urrezko Domina, Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina eta Frantziako Arteen eta Letren Ohorezko Zaldunaren Domina ere jaso ditu.

Bideoak (2)

Informazio gehiago (1)