Itxi

ZINEMALDIA

Tavernier, Trueba, 'Amaren Eskuak' eta Zinemira gala, gaurko ardatzak

Natxo Velez | eitb.com

David Truebak benetako istorio eder batean oinarrituta saretutako filma, Tavernier, Zinemaldiaren aspaldiko laguna, eta Zinemira gala (eitb.com-en zuzenean, 20:00etan) dira gaurko hitzordu nagusiak.

David Trueba, Donostian, zaleekin batera. Argazkia: Efe.

Donostiako Zinemaldiak lanerdiak egin ditu honezkero ziztu bizian, ia oharkabean, eta hamaika zita garrantzitsu daude gaur ere ikus-entzuleen gozagarri. Sail Ofizialean, "Bizitzea erraza da, begiak itxiz gero" David Truebaren filma eta "Quai d'Orsay" Tavernierren lana emango dituzte. Gainera, Zinemira gala egingo dute gaur, eta zuzenean jarraitu ahal izango da, 20:00etatik aurrera, eitb.com-en. Han, "Amaren eskuak" Mireia Gabilondoren filma estreinatuko dute, eta "Asier ETA biok" zalapartatsua ere gaur emango dute lehenengoz.

"Bizitzea erraza da, begiak itxiz gero" filmean, David Truebak Espainian 60ko hamarkadan gertatu zen istorio bitxi bat berritu du: Antonio (Javier Camara) ingeles irakasleak Beatlesen kantuak hartzen zituen lanabes gisa, ikasleei Shakespeareren hizkuntza irakasteko. Horretarako, koaderno batean biltzen zituen kantuon hitzak, albait txukunen, baina, garai hartan, irratian entzundakoa bakarrik bildu ahal izaten zuen, ez baitzegoen hitzak jasotzeko beste biderik; hortaz, oso zail egiten zitzaion McCartneyk, Harrisonek eta Lennonek esandakoak hitzez hitz jasotzea. Azken hori Almerian film bat grabatzen ari zela aprobetxatuta, Antoniok harako bidea hartu zuen, kantariak berak zalantzak bertatik bertara argi ziezazkion. Bere eta berarekin batera zihoazenen bizitzak goitik behera aldatu zituen bidaia bati ekin zion, orduan. Are gehiago, haien bizimoduak ez ezik, musikaren historia ere aldatu zuen erabaki horrek, hari zor baitiogu, agian, diskoetan kantuen hitzak sartzeko ohitura.

Bestalde, Bertrand Tavernier Zinemaldira itzuli da. 1999an, epaimahaiko burua zela, haren omenezko atzerabegirakoa egin eta gero, Sail Ofizialean izango da berriz frantziarra. "Quai D'Orsay" aurkeztuko du, Lanzac eta Balinen komikiaren moldaera. Alexandre Taillard de Vormsen bizitza irudikatzen du satira politiko honek: Atzerri ministro bat boteretsuekin hitz egiteko prest dago beti, Bakearen Nobel Saria lortzeko helburuz. Aktoreen artean, Thierry Lhermitte, Raphael Personnaz, Niels Arestrup, Anaïs Demoustier, Julie Gayet, Josephine de La Baume eta Jane Birkin daude, besteak beste.

Zinemira gala

Halaber, gaurkoa euskal zinemaren egun handia da Zinemaldian: Zinemira atalaren gala egingo da. 20:00etatik aurrera izango da, Victoria Eugenia antzokian, eta, bertan, "Amaren eskuak" (Mireia Gabilondo) film luzea estreinatuko da, Karmele Jaio idazlearen eleberri batean oinarritutako lana.

Nerea bizitza familiarra eta profesionala uztartu nahi dituen 38 urteko ama bat da. Egunkari bateko erredakzioan egiten du lan. Egun batetik bestera, ordea, Nereari bere bizitzan duen oreka eskasa bertan behera eroriko zaio, Luisa bere ama memoria galera bat dela eta ospitalera eramango duten egunean. Nerea errudun sentituko da gaixotasunaren lehen arrastoak hasi zirenean erreakzionatu ez zuelako, eta orain, Luisaren ordulariak atzera salto nola egiten duen ikusiko du, iraganera jauzi nola egiten duen. Amak ezkutuan zuen aurpegi bat ezagutuko du Nereak, bien iraganeko bizipenen parekotasuna ikusiko du, memorian bizi diren mamuen antzekotasuna.

Galan, Zinemira Saria banatuko dute. Juanba Berasategiri emango diote ibilbide osoa saritzeko gorespena.

Bestelako eskaintzak

Bestalde, "Asier ETA biok", euskal gatazka adiskidetasunaren ikuspegitik jorratzen duen lana, ere ikusiko da lehen aldiz. Perlak atalean, amaitzeko, "About Time" emango dute. Richard Curtis da zuzendaria, "Love actually" ere zuzendu eta "Lau ezkontza eta hileta bat", "Notting Hill" eta "Bridget Jonesen egunerokoa" lanetan gidoilari lanak egin zituena.

Albisteak (1)

Bideoak (3)

Informazio gehiago (1)