2014ko Zinemaldia
Donostiako Zinemaldiko kartel lehiaketa abian da
Erredakzioa
Donostiako Zinemaldiak hirugarren aldiz antolatuko du Internet bidezko kartel lehiaketa. Parte-hartzaile guztien arteko batek izango du 62. edizioko irudia izateko ardura.
Donostiako Zinemaldiak 62. edizioko irudi ofizial izango diren kartelak hautatzeko Sareko hirugarren lehiaketa deitu du. Aurreko urteetako arrakastaren ondoren, Zinemaldiak berriz ere ekimen ireki honen aldeko apustua egitea erabaki du sorkuntza eta partaidetza sustatzeko asmoarekin eta jaialdia hedatzea bultzatzeko.
Proposamenak aurkeztu nahi dituzten diseinatzaile guztiei irekita dago lehiaketa, eta herritarrek kartelik gustukoenak bozkatzeko aukera izango dute. Gero, epaimahai batek irabazlea hautatuko du boto gehien lortzen duten lanen artean. Halaber, botoa lan irabazleari eman dioten artean sariak zozkatuko dira.
Honako sail hauetan aurkeztu ahal izango dira 62. ediziorako kartelak: Ofiziala, Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi, Perlak eta Culinary Zinema. Parte-hartzaileek sail bakarrera edo guztietara aurkezteko aukera izango dute, eta, gainera, nahi beste kartel aurkeztu ahal izango dituzte lehiaketara.
Izena emateko eta proposamenak aurkezteko epea martxoaren 6an bukatuko da, eta herritarrek martxoaren 10etik 28ra eman ahal izango dute botoa. Kartel irabazlea zein den eta aipamen berezia norentzat den maiatzaren 9an jakinaraziko dute.
Kartel irabazleak aukeratzeko, lehen hautaketa bat egingo da gehienez saileko 20 proposamenekin (publikoaren boto gehien jaso dituzten sail bakoitzeko 10 proposamenekin, eta gehienez beste 10, Zinemaldiak berak hautatutakoekin).
Apirilaren 4an, epaimahai batek sail bakoitzeko irabazleak hautatuko ditu, eta irabazleen izenak maiatzaren 9an iragarriko dira.
Lehiaketaren irabazleak edo irabazleek 3.000 euro jasoko dituzte kartel ofizialaren kasuan.
Gainera, sail bakoitzeko kartel irabazleari botoa eman dioten herritarren artean, sei sari banatuko dira (bat sail bakoitzeko): 10 emanaldirako abonamendu bat eta Zinemaldiaren 62. edizioko argitalpen sorta bat.