Donostia
Danis Tanovicen 'Tigers' filmak osatuko du Zinemaldiko lehia ofiziala
Erredakzioa
Perlak sailean 'The Disappearance of Eleanor Rigby' aurkeztuko da, eta Zabaltegin 19 dokumental, laburmetraia edo fikziozko film eskainiko dira.
Danis Tanovic zinemagile bosniarraren Tigers pelikulak osatuko du Donostiako Zinemaldiaren 62. Edizioko lehia ofiziala. Aurtengo Urrezko Maskorra lortzen saiatuko da Tanovic, Bille August, Mia Hansen-Løve, François Ozon, Christian Petzold, Michaël R. Roskam, Shim Sung-bo, Michael Sturminger, Anahi Berneri, Susanne Bier, Maxime Giroux, Cristian Jimenez, Cedric Kahn, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, Alberto Rodriguez eta Carlos Vermut zuzendariekin batera.
Donostiako jaialdiak urteak emandako ikus-entzunezkorik interesgarrienetako batzuk eskainiko ditu Zabaltegi sailean; tartean, fikziozko pelikulak, dokumentalak, laburmetraiak eta telesail bat.
Sail horretan estreinatuko dira Ulrich Seidl, Bruno Dumont eta Kazuyoshi Kumakiri zinemagileen azken lanak, baita Andrew Huculiak, Kaouther Ben Hania eta George Ovashvili gazteenak ere. Espainiak produzitutako lau pelikula eta hiru laburmetraia aurkeztuko dira.
Animazizoko zinema ere ikusi ahal izango da, Signe Baumaneren Rock In My Pockets filmaren eskutik; fikziozko telesailak ere badu bere lekua, Bruno Dumont frantziarraren P'tit Quinquin / Lil'Quinquin osorik ikusi ahal izango da.
Zabaltegin, pisu handia izango dute dokumentalek. Gianni Amelioren Felice chi è diverso/ Happy to be different, Gabe Polskyren Red Army eta Pierre-François Limboschen Le paradoxe de John Malkovich / The John Malkovich Paradox ikusi ahal izango dira bertan.
Musika eta zinema
Ez-fikziozko bi lanetan, bi musikari handi oroituko dira Donostian: Fela Kuti nigeriarra Alex Gibneyen Finding Fela filmean, eta Paco de Lucia gitarra-jolea Paco de Lucía: La Búsqueda pelikulan, Francisco Sanchez Varelaren eskutik.
Gai gisa zinema duten dokumentalak ere izango dira Donostiako jaialdian. Bette Davis aktorea oroitu du Pedro Gonzalez Bermudez zuzendariak El último adiós de Bette Davis lanean; Virginia Garcia del Pinok, aldiz, Basilio Martin Patino zinemagilea izan du gogoan Basilio Martín Patino: La décima carta filmean. Mami Sunada japoniarrak, bestalde, Ghibli animaziozko zinema estudioaren sekretuak agerian utzi ditu Yume to kyôki no ohkoku / Kingdom of Dreams and Madness pelikularekin.
Azkenik, Perlak sailean Ned Bensonek zuzendu eta Jessica Chastain eta James McAvoy aktoreek antzeztutako The Disappearance of Eleanor Rigby aurkeztuko da.