Zinemaldia
Horizontes Latinos sailak 14 pelikula eramango ditu Zinemaldira
Erredakzioa
Argentinatik, Mexikotik, Txiletik, Brasiletik, Uruguatik eta Kolonbiatik helduko dira filmak. 35.000 euro eskaintzen dituen Horizontes Saria irabaztea izango dute helburu.
Argentinako, Mexikoko, Txileko, Brasileko, Uruguaiko eta Kolonbiako hamalau pelikulak hartuko dute parte Donostiako Zinemaldiaren Horizontes Latinos Sailean. Latino-amerikako zinema onenaren erakusketa zabala izango da.
Mundu osoko zinemaldietan igaro dira pelikula horiek, eta askotan sariak lortu dituzte, baina ez dituzte orain arte aurkeztu lehiaketa batean eta ez dute estreinatu Estatuko zinema-aretoetan.
Argentinak aurkezten ditu pelikularik gehien; herrialde horretako hiru pelikula egongo dira ikusgai.
"Jauja", "Güeros", "Ciencias Naturales", "La tercera orilla" eta "Praia do futuro"
Zinemaldiaren 62. edizioaren pelikularik nabarmenetakoa "Jauja" izango da. Viggo Mortensen da protagonista eta Lisandro Alonso zuzendari argentinarrak Fipresci saria lortu zuen Canneseko Zinemaldian, nazioarteko kritikak ematen duena, “Una cierta mirada” sailaren barnean.
"Güeros" ere ikusteko aukera egongo da. Alonso Ruizpalacios mexikarrak zuzendutako pelikula da. Berlineko zinemaldian saria lortu zuen, lehen "opera prima"ri ematen diona.
Berlinalen egon ziren eta orain Donostiara helduko diren beste izenburu batzuk Matias Lucchesi argentinarraren "Ciencias Naturales", herrialde bereko Celina Murgaren "La tercera orilla" eta Karim Ainouz "Praia do futuro" brasildarra izango dira. "Ciencias Naturales"ek Pelikula Ibero-amerikar Onenarentzako saria irabazi zuen Guadalajarako zinemaldian.
"Historia del miedo", "Matar a un hombre" eta "La Salada"
Benjamin Naishat debutari argentinarraren "Historia del miedo" ere lehiatuko da. Jeonju Zinemaldian Filmerik Onenaren saria lortu zuen eta Berlinen ere egona da. Iazko Zinemaldian ere izan zen ikusgai, Cine en Construccion sailean.
Alejandro Fernandez txiletarraren hirugarren pelikulak ere, "Matar a un hombre" filmak, Cine en Construccion sailean egon zen iaz. Gero, Sundancen eta Rotterdamen ere saria lortu zuen.
Donostiako eta Tolosako (Frantzian) zinemaldietan ere izandako beste pelikula saritu bat ere helduko da: Juan Martin Hsu argentinarraren "La Salada".
"Refugiado", "Gente de bien", "La princesa de Francia", "Dos disparos", "Ventos de agosto" eta "Casa grande"
Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian Diego Lermanen pelikula berria aurkeztu zuten, "Refugiado". Eta hiri horretako bertako Kritikaren Astera "Gente de bien" heldu zen; Franco Lolliren debuta izan da.
Matias Piñeiroren "La princesa de Francia" eta Martin Rejtmanen "Dos disparos" (bi zuzendariak argentinarrak dira) pelikulak ere Horizontes Latinos sailean egongo dira. "Ventos de agosto", Gariel Marcarorena, bertan izango da ikusgai. Hirurak Locarnoko zinemaldian izan dira, eta azkenak saria lortu zuen.
"Casa grande" pelikula brasildarrak (Fellipe Barbosaren bigarren lana da” Zinemaldiak sail honetarako hautatutako filmen zerrenda ixten du.