Aurkezpena
Almodovar, Mortensen, Dafoe eta Malkovich Zinemaldian egongo dira
Erredakzioa
Zinemaldiko arduradunek 19an abiatuko den 62. edizioaren aurkezpena egin dute gaur. Izen zerrenda hori Denzel Washington eta Benicio del Toro Donostia saridunei gehituko zaie.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pedro Almodovar, Antonio Banderas, Viggo Mortensen, John Malkovich, Willen Dafoe eta Jessica Chastain zinemako izarrak egongo dira, besteak beste, Donostiako 62. Zinemaldian. Fipresci nazioarteko kritikarien saria Boyhood Richard Linklaterren filmari emango diote.
Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta haren lantaldeko beste kide batzuek hilaren 19tik 27ra hiria hartuko duen hurrengo edizioko programazioaren zertzelada batzuk eman dituzte gaur, kazetarien aurrean.
Han azaldu dutenez, Denzel Washington aktoreak –Donostia saria jasoko du– eta Antoine Fuqua zuzendariak emango diote hasiera Zinemaldiari, irailaren 19an, The Equalizer filmarekin. Irailaren 27ko amaierako ekitaldiko gonbidatuak, berriz, Charlotte Gainsbourg eta Omar Sy aktoreak zein Olivier Nakache eta Eric Toledano zuzendariak izango dira, Samba filmarekin.
Aktore eta zuzendari bikainak izango dira Sail Ofizialean, beren lanak aurkezten: Susanne Bier, Nikolaj Coster-Waldau eta Ulrich Thomsen (En chance til / Second Chance), John Malkovich, Veronika Ferres aktoreak eta Michael Sturminger zuzendaria (Casanova Variations), Antonio Banderas eta Gabe Ibañez (Autómata), Alberto Rodriguez, Raúl Arévalo, Javier Gutiérrez eta Antonio de la Torre (La isla mínima), François Ozon eta Romain Duris (Une nouvelle amie / The New Girlfriend), Cédric Kahn (Vie sauvage / Wild Life), Isaki Lacuesta zuzendaria eta Imanol Arias, José Coronado, Albert Pla, Emma Suárez zein Carmen Machi aktoreak (Murieron por encima de sus posibilidades), Carlos Vermut zuzendaria eta José Sacristán, Bárbara Lennie zein Luis Bermejo aktoreak (Magical Girl), Noomi Rapace eta Matthias Schoenaerts aktoreak eta Michaël R. Roskam zuzendaria (The Drop), Anahí Berneri zinemagilea eta Leonardo Sbaraglia aktorea (Aire libre), Bille August eta Paprika Steen (Stille Hjerte / Silent Heart), Pablo Malo zuzendaria eta Unax Ugalde, Jon Anza eta Francesc Orella aktoreak (Lasa eta Zabala), eta Christian Petzold (Phoenix) eta Danis Tanovic (Tigers) zuzendariak.
Jessica Chastain aktoreak The Disappearance of Eleanor Rigby filma aurkeztuko du Perlak sailean, eta Relatos salvajes filmarekin, bestalde, Pedro Almodóvar (ekoizlea), Damián Szifrón (zuzendaria) eta Ricardo Darín (protagonista) izango dira.
Willem Dafoe aktoreak ere aurkeztuko du protagonista duen filma Perlak sailean, Abel Ferrararen Pasolini filma alegia, baita Laurent Cantet zuzendariak eta Jorge Perugorría aktoreak ere (Retour à Ithaque / Return to Ithaca). Sail honen emanaldietara bestelako zinemagile batzuk ere joango dira, hala nola Naomi Kawase (Futatsume no mado / Still Water), Diego Luna (Chávez), Mathieu Amalric (La chambre bleue / The Blue Room), Ira Sachs (Love Is Strange) eta Céline Sciamma (Bande de filles / Girlhood).
Perlak sailari amaiera bikaina emango dio Benicio del Toro Donostia saridunak, irailaren 26an, Josh Hutcherson, Claudia Traisac eta Carlos Bardem aktoreekin zein Andrea di Stefano zuzendariarekin batera, Klausurako Escobar: Paradise Lost filma aurkeztuz.
Viggo Mortensenek Jauja filma aurkeztuko du Horizontes Latinos sailean Lisandro Alonso zuzendariarekin batera
Sail Ofizialeko palmaresa ebatziko duten epaimahaikideen izena datorren astean iragarriko dute, haietako bat etorri ahalko den argitzeko baitago oraindik.
Hurrengo egunetan Zinemaldian egongo diren beste izar batzuen izenen berri emango dute. "Lehen mailako 15-20 aktore espainiar" egongo direla aurreratu dute gaurko agerraldian.
Sarrerak
Donostia Zinemaldiaren 62. ediziorako sarrerak bi epetan jarriko dira salgai. Irailaren 12an, 09:00etatik aurrera, Sail Ofizialeko galetarako sarrerak (Inaugurazioa, Donostia Saria eta Klausura) erosi ahalko dira, baina Internet bidez soilik.
Igandean, irailak 14, 09:00etatik aurrera, gainerako saioetarako txartelak erosi ahalko dira, kanal guztietan: Zinemaldi Plazako leihatiletan (Kursaal jauregiko beheko solairua) eta Kursaal Zentroko leihatiletan (Sail Ofizialeko abonamenduak eta 10 sarreratik beherako erosketak), eta Interneten.
Sarrerak beste leku batzuetan ere erosi ahalko dira: Victoria Eugenia Antzokia, Antzoki Zaharra, Príncipe zinema-aretoak (hilaren 19tik aurrera) eta Trueba eta Antiguo Berri zinema-aretoak (hilaren 20tik aurrera). Antonio Elorza belodromoko sarrerak Anoetako estadioko 23. leihatilan ere izango dira salgai, saioak hasi baino bi ordu lehenago.
Epaimahaiak
Sail Ofizialekoak ez, baina beste sail batzuetako irabazleak eta hautatuko dituzten beste pertsona batzuen izenak eman dituzte gaur Zinemaldiko antolatzaileek, prentsaurrekoan.
Kutxa-Zuzendari Berriak atalekoak Fernando Guzzoni, María Mur, Margorzata Szumowska, Chris Fujiwara eta Nicole Brenez izango dira; Horizontes Latinos sailekoak, Juana Acosta, Nuria Vidal eta Sara Silveira; Irizar euskal zinemaren sarikoak, Angel Aldarondo, Rafael Berrio eta Isabel Herguera; TVE-Beste Begirada atalekoak, Conchita Casanova, Marian Alvarez eta Susana Soto; eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako Saria emango duten taldeko presidentea Laurent Cantet izango da.