Itxi

Zinemako musika

Soinu banden kontzertua egingo dute Donostiako Zinemaldian

Erredakzioa

Irailaren 20an, 12:00etan, EOSen egoitzan, "Neguko eguzki hotza", "Alatriste" eta beste sei pelikularen soinu banden txatalak joko dituzte.

Zortzi pelikularen soinu banden txatalak joko ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) Zinemaldian egingo duen kontzertuan. Neguko eguzki hotza, Alatriste eta Los crímenes de Oxford pelikulen soinuak entzungo dira Zinemaldiak zinemako musikarien lana erakusteko antolatu duen emanaldian.

Irailaren 20an izango da kontzertua, EOSen egoitzan, eta zinema topaguneak talde sinfonikoarekin duen lotura irudikatuko du. Hilaren 19an hasiko den jaialdiko Zinemira sailean, esaterako, Notas en movimiento Oskar Tejedorren dokumentala erakutsiko dute.

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak, Oriol Roch EOSeko zuzendari nagusiak eta Aitor Amezagak, orkestrak joko dituen hainbat lanen egileak, aurkeztu dute kontzertua kazetarien aurrean. Eskuragarri jarri dituzten doako 400 sarrerak irailaren 13tik 19ra hartu ahalko dira.

Iaz egin zuten lehenengoz zinemako musikaren kontzertua Zinemaldian. Rebordinosek esan duenez, iazko saioa oso arrakastatsua izan zen eta aurten EOSen egoitzako areto berria berriz betetzeko erronka bete nahi dute.

Bingen Mendizabalek Flysh, hitzen hitza pelikularako egin duen hiru zatiko suitea ere joko dute hilaren 20ko kontzertuan, baita "Lo mejor de cada casa: una semana en el parque" Juan Carlos Perezen kantua ere.

Alatriste eta Los crímenes de Oxford filmetako doinuak (Roque Baños) ere joko dituzte eguerdian abiatuko den emanaldian.