Itxi

Donostia Saria

Denzel Washington, AEBko zinema arrakastatsuaren aurpegia

Natxo Velez | eitb.eus

Estatubatuar aktore eta zuzendariak Donostiako 62. Zinemaldiko Donostia Saria jasoko du inaugurazio galan.

Donostiako Zinemaldiak Denzel Washington gaur egungo zinemaren aktore ezagunetako bati Donostia Saria emango dio hasi eta berehala, inaugurazio ekitaldian bertan.

Denzel Washington, bi Oscar sariren irabazlea (bat, aktore nagusi onenarena, 2002an eman zioten “Training Day” pelikulan egindako lanagatik eta bestea, antzeztaldeko aktore onenarena, 1989an “Glory” lanagatik), Mount Vernon New Yorkeko (AEB) hirian jaio zen, 1954ko abenduaren 28an.

Unibertsitatean Kazetaritza ikasteko izena eman ondoren, antzerkiak arreta eman zion, eta interpretazioan barneratzen hasi zen.

1981ean hasi zen zineman, “Carbon Copy” pelikulan, eta sei urte geroago Oscarrerako hautatu zuten, bigarren mailako aktorearen atalean, “Cry freedom” pelikulari esker. Bi urte geroago etorri zen Akademiaren saria.

Washingtonek zineman egindako lanagatik da batik bat ezagun gaur egun, baina antzerkian eta telebistan ere aritu da bere ibilbide oparoan. 1992an “Malcom X” estatubatuar ekintzailea izan zen pantaila handian, Spike Leeren zuzendaritzapean. Geroago, Joe Miller abokatuarena egin zuen Tom Hanksen alboan, “Philadelphia” filmean. Washingtonengandik inoiz parean izan zuen beste inorengandik baino gehiago ikasi zuela esan zuen Hanksek orduan.

Geroago, film arrakastatsu askotan parte hartu zuen (“The Pelican Brief”, “Crimson Tide”, “Fallen”, The Bone Collector”...), eta egin ez zituen hiru hilketa leporatuta epaitu zuten boxeolari batena egin zuen “The Hurricane” pelikulan. Urrezko Globoa eta Berlinaleko Zilarrezko Hartza ekarri zizkion paper horrek.

Haren ostean, beste lan asko heldu dira: “Inside Man”, “American Gangster”, “The flight”… Donostian “The Equalizer” Antoine Fuquaren filma aurkeztuko du. 2001ean, "Training Day" filma zuzendu zuen Fuquak, Denzel Washington protagonista zuela. Hamahiru urte geroago, Washingtonek eta Fuquak berriz ere bat egin dute, Espainiar Estatuan urriaren 17an estreinatuko den filmean.

Denzel Washington McCall pertsonaia da, bere iragan misteriotsua atzean utzi duela pentsatuz bizimodu berri bat hasi duen gizona. Baina McCallek Teri (Chloë Grace Moretz), gangster errusiar ezin bortitzagoen kontrolpean dagoen neska gaztea, ezagutu ondoren, ezingo du ezer egin gabe geratu; lagundu beharra sentituko du.

 

Informazio gehiago (1)