Itxi

Osteguna

Begirada guztiak 'Lasa eta Zabala' filmean pausatuta, Zinemaldian

Natxo Velez | eitb.eus

Sail Ofizialean, Urrezko Maskorrerako lehian, “Magical Girl” Carlos Vermut zuzendariaren lana eta “Tigers” Danis Tanovic sarajevoarraren filmak ere emango dituzte ostegunean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

"Lasa eta Zabala" Pablo Malo donostiarraren filma izango da protagonista nagusia gaur Donostiako Zinemaldian. Sail Ofizialean erakutsiko dute pelikula, lehiaketatik kanpo, eta foku guztiak bi euskal gazteen bahiketa, tortura eta hilketaren ingurukoak kontatzen dituen istorioari begira jarri dira.

1983ko urrian, Joxean Lasa eta Joxi Zabala euskal gazteak Baionan desagertu ziren, aztarnarik utzi gabe. Hamabi urte geroago identifikatu zituzten gorpuak, kare bizitan ehortzita, eta sumario luze bezain okerra hasi zen; Iñigo, senideen abokatua, eta Fede bere laguntzailea hiltzaileak justiziaren aurrera eramaten saiatuko dira filmean, eta, arrisku pertsonal biziei aurre egitearekin batera, joko zikinari joko zikinaz erantzutea zilegi den erabaki beharko dute.

“Magical girl” Carlos Vermuten lana ere izango da ikusgai Zinemaldian, Sail Ofizialean, maskorretarako lehian. Luis Bermejo, José Sacristán eta Bárbara Lennie aktoreak agertzen dira aktore zerrendan, besteak beste, eta Luisen istorioa kontatzen du: irakasle hau zurrunbilo ilun batean harrapatuta geldituko da, alabaren azken guraria gauzatzeko bidean.

Halaber, “Tiger” Danis Tanovic Oscar eta Urrezko Globoa sarien irabazlearen filma ere erakutsiko dute. Saltzaile gazte batek botika bat ekoizten duen enpresa multinazionalari aurre egingo dio, zabaltzen aritu den haurrentzako botika baten ondorioak ezagutu eta gero, atsekabetuta.

Horrez gain, besteak beste, “Lantanda” Ginea Bissaun kreolera borrokarako tresna gisa erabili zuten kantautoreei buruzko dokumentala eta “Relatos Salvajes” argentinar filma ere agertuko dira Zinemaldian. El Deseo Almodovar anaien ekoiztetxeak aurkezten duen filmak arrakasta handia lortu du Argentinan, eta Ricardo Darín eta Leonardo Sbaragliaren aktoreek egin dute lan, besteak beste, bertan.

Bideoak (3)

Informazio gehiago (1)