63. Zinemaldia
Fernando Truebak 'askatasuna eta babesa' eskatu ditu kulturarentzat
Agentziak | Erredakzioa
Fernando Trueba espainiar zinemagileak Espainiako Zinematografia Sari Nazionala jaso du gaur, Donostiako Zinemaldian, Iñigo Mendez de Vigo Kultura ministroaren eskutik.
Fernando Trueba zinemagile, ekoizle eta gidoigileak Espainiako 2015eko Zinematografia Sari Nazionala jaso du gaur Donostian, Zinemaldiaren 63. edizioan. Kultura askea bultzatu eta babestea eskatu die politikari eta gobernuei, saria hartzeko ekitaldian.
Orain arteko ibilbide profesionalagatik eta zinemaren alde egindako lanagatik 30.000 euroko diru laguntza ekarriko dion aintzatespena jaso eta gero, Truebak (Madril, 1955) hasieran, saria berarentzat izango zela jakin zuenean, bera aukerarik onena ez zela pentsatu zuela esan du. “Eta ez zen apaltasunagatik izan, ego oso handia baitut, ezpada sariek jendea ahulagoa, tontoagoa eta zaharragoa bihurtzen baitute” eta horregatik beldurtzen dute sariok: “Arriskutsuak ere izan baitaitezke”, erantsi du.
Halaber “nazional” hitzarekin barne gatazka duela ere esan du, ez baitzaio “ezer” gustatzen. Hain zuzen ere, horixe du hiztegiko hitzik gogokoena “ezer ez”, eta bigarrena “desertore” omen da; izan ere, “ez dut inoiz sentimendu nazionalik izan eta beti pentsatu dut herrialde honetan gerrarik izango balitz etsaiarekin joango nintzatekeela”.
Truebak “askatasuna eta babesa” eskatu dizkie “politikari, gobernu eta alderdiei; guztiei, ez bakarrik PPri”, askotan “Gobernuek eta Estatuek, defendatu eta sormen eta askatasuna garatzeko tokiak eraiki baino gehiago, kontrolatu eta zigortzen baikaituzte edo zelatan egin”.
“Espainian diru laguntzen kulturan bizi izan gara, kontrola dezagun kultura”, esan du Truebak, eta, jarraian, “Ministerioaren eta Gobernuaren mende egongo ez den Ikus-entzunezkoen Institutu Nazionala” desio duela aipatu du, “lanbide honetan dihardutenek gidatutakoa”. Halaber, “benetan publikoak, zentralak, askeak eta independenteak diren telebista publikoak” aldarrikatu ditu, “herritarren zerbitzura daudenak”.