63. Zinemaldia
Emily Watson, aurpegi ezaguna
N.V. | eitb.eus
Britainiar aktoreak (Islington, 1967) Donostiako Zinemaldiaren Donostia saria jasoko du irailaren 25ean, Kursaalen egingo duten galan.
Donostiako Zinemaldiak 1996tik zinema munduko pertsona nabarmenei urtero ematen dien saria, Donostia saria, Emily Watson britainiar aktoreak jasoko du 63. edizio honetan. Bi aldiz egon da Watson aktore onenaren Oscar sarirako izendatuta.
Watson goizetik gauera egin zuen gora aktoretza munduan. “Breaking the waves” Lars Von Trierren filmean egin zuen debuta pantaila handian, Helena Bonham Carterren, hasiera batean papererako aukeratu zuten aktorearen, ordez; ez da hasiera makala. Zinemara lerratu aurretik, nolanahi den, Drama Studio London eskolan Interpretazioa ikasi zuen, eta Royal Shakespeare Companyn lanean jardun zen.
Lehen lan horrek sari andana bat ekarri zion, besteak beste Oscar eta Urrezko Globoak sarietarako lehen izendapena. Jarraian, “The Boxer” Daniel Day-Lewis eta Jim Sheridan bikoarekin (“Aitaren izenean”, “Nire esker oina”...) eginiko lana eta Hollywoodeko Akademiaren sarietarako bigarren izendapena heldu ziren; “Hilary and Jackie” filmean (1998) Jacqueline du Pre biolontxelo-jotzailearena egitearren etorri zitzaion Oscarrekiko bigarren hitzordua.
Harrezkero, hainbat zuzendari handik lan egin nahi izan dute berarekin: Robert Altman ("Gosford Park", 2001), Tim Burton ("Andregai hilotza", 2005), John Hillcoat ("The Proposition", 2005), Alan Paker ("Angela’s Ashes", 1999), Steven Spielberg ("War Horse", 2011). Azkenaldian, "The Theory of Everything" lanean ikusi dugu pantaila handian.
Bien bitartean, gainera, ez dio antzerkian lan egiteari utzi, eta Txekhoven eta Shakespeareren lanak taularatu ditu, besteak beste Sam Mendesek zuzenduta. Telebista ere ez du baztertu, gainera: "Appropiate Adult", "The Secret Life of Marilyn Monroe"…. 2015ean, Britainiar Inperioaren Ofizial maila aitortu zioten, interpretazioaren arteari eginiko ekarpenarengatik.
Hilaren 25etik aurrera, beraz, Watsonen izena Donostia sariaren jabeen ohorezko zerrendari dago, beste hamaika lankiderenarekin batera: Benicio del Toro, Denzel Washington, Hugh Jackman, Oliver Stone, Dustin Hoffman, Julia Roberts, Meryl Streep, Richard Gere, Ben Gazzara, Woody Allen, Sean Penn, Robert Duvall, Jessica Lange, Robert de Niro, Anjelica Houston, John Malkovich, Anthony Hopkins, Catherine Deneuve, Lauren Bacall, Bette Davis…