Itxi

Lehiaketatik kanpo

'Snowden' Oliver Stoneren filma Zinemaldian aurkeztuko dute

Agentziak | Erredakzioa

Lana irailaren 16tik 24ra egingo den donostiar jaialdiaren Sail Ofizialean erakutsiko dute, baina lehiaketatik kanpo.

Oliver Stone, 2013an jaialdira eginiko bisitan

Oliver Stone zuzendari estatubatuarraren azken filma, "Snowden", Donostiako Zinemaldiaren 64. edizioko Sail Ofizialean aurkeztuko dute, lehiaketatik kanpo. Stoneren azken lanaren Europako estreinaldia izango da, donostiar jaialdiko arduradunek iragarri dutenez.

Joseph Gordon-Levitt "Inception" (2010), "Looper" (2012), "Don Jon" (2013) eta "The Walk" (2015) filmetako protagonistak egiten du Edward J. Snowdenena filmean. AEBetako Segurtasun Agentziako (NSA) agente ohi horrek bere herrialdeak martxan zuen zaintza masiboaren programen berri eman zuen, jakina denez.

Berarekin batera, Shailene Woodley ("The Descendants", "Divergent"), Melissa Leo (Zilarrezko Maskorra 2008an "Frozen River" filman egin zuen lanagatik) eta Nicolas Cage (gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra 1995ean "Leaving Las Vegas" filmarengatik) agertzen dira, besteak beste.

Stonek berak idatzi du gidoia, Kieran Fitzgeraldekin batera, "The Snowden Files" (Luke Harding) eta "Time of the Octopus" (Anatoli Kutxerana) liburuetan oinarrituta. Film honetan, AEBetako pertsonaia eta gertakari gatazkatsuen beste ertz bat lantzen du zuzendariak, aurreko batzuetan egin duen bezala: Vietnam -"Platoon" (1986), "Born on The Fourth of July" (1989)-; presidenteak -"JFK" (1991), "Nixon" (1995) eta "W." (2008); "Wall Street" (1987); "World Trade Center" (2006); edo telebistarentzat egin zuen seriea, "The Untold History of the United States" (2012-2013), Donostia Zinemaldian osorik ikusi ahal izan zena.

Alemanian, AEBetan, Txinan eta Errusian filmatu dute pelikula, eta irailaren 16an estreinatuko dute AEBn.