Lehiaketa, lehenengoz
Tavernierren azkenak zabalduko du Zabaltegi-Tabakalera ataleko lehia
N.V. | eitb.eus
Donostiako Zinemaldiko “gune irekian” lehian arituko dira filmak, lehenengoz. Frantziarrarena ez ezik, Terence Daviesen, Lav Diazen eta Jim Jarmuschen lanak ere erakutsiko dituzte.
Bertrand Tavernierren azken filmak zabalduko du aurten Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera saila, arau formalik eta muga tematikorik gabeko zinema proposamenak biltzen dituen atala, bertako filmak lehian arituko diren lehen edizioan.
Tavernierren filmak Voyage à travers le cinéma français du izena, eta frantziar zinematografian zehar eginiko dokumentala da. Nazioarteko zinemagile nabarmenen azken lanekin lehiatuko da Zabaltegi-Tabakalera Saria eskuratzeko (20.000 euro), hala nola Terence Davies, Lav Diaz, Jim Jarmusch, Hayoun Kwon, Jean-François Laguionie, Deborah Stratman eta José Luis Torres Leivaren lanekin, baita hurrengo asteetan iragarriko diren beste zenbait lanekin ere.
Tavernierrek (Lyon, 1941), zinemagintza frantseseko maisu handienetako batek, harreman luzea du Zinemaldiarekin 1982. urtetik. 1999an atzera begirako ziklo bat eskaini zion jaialdiak, eta urte hartan bertan epaimahaiburua izan zen. Capitaine Conan-ekin epaimahaiaren Aipamen Berezia lortu zuen 1996an; 1999an eta 2005ean, Publikoaren Saria irabazi zuen; eta gidoi onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen 2013an, Quai D’Orsay satirarekin.
Haren beste film arrakastatsuetako batzuk L'horloger de Saint-Paul (1974), Round Midnight (1986), La vie et rien d'autre (1989), La fille de d'Artagnan (1994), L'appât (1995) eta La princesse de Montpensier (2010) dira.
Emily Dickinson eta Iggy Pop
Terence Daviesek (Liverpool, 1945) eta Jim Jarmuschek (Akron, Ohio, 1953), hurrenez hurren fikzioa eta dokumentala erabiliz, bi ibilbide artistikoren historia aztertu dute Zabaltegi-Tabakalera sailean erakutsiko dituzten lanetan: Emily Dickinson idazlearen bizitza eta The Stoogesen, Iggy Pop ezagutarazi zuen taldearen, epopeia.
Jarmuschen filmak funtsezko erreferentzia dira zinema independentean, eta maiz izan dira Zinemaldian. Halaber, Daviesen filmografiak izenburu nabarmen ugari biltzen ditu, eta Deep Blue Sea (2011) eta Sunset Song (2015) lanak Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu ziren. Zinemaldiaren 56. edizioan (2008), gainera, atzera begirako ziklo bat eskaini zioten Daviesi.
Horiez gain, A Lullaby to the Sorrowful Mistery Lav Diaz filipinarrak idatzi eta zuzendutako 480 minutuko filma ere ikusi ahalko da. Alfred Bauer saria irabazi zuen Berlinalen, bere herrialdeak pairatu zuen errepresio koloniala erakusten duen istorioak.