Irailaren 24an
'L’Odyssée' filmaren nazioarteko estreinaldiak itxiko du Zinemaldia
eitb.eus
Jacques Cousteauren bizitzari buruzko filma Jerome Sallek idatzi eta zuzendu du, eta zinema jaialdiaren 64. edizioaren amaiera galaren ostean proiektatuko dute.
Donostiako Zinemaldiaren 64. edizioa “L’Odyssée” filmaren mundu mailako estreinaldiarekin amaituko da, Jacques Cousteauren bizitza hizpide duen filmarekin.
Cousteau urpeko miaketaren eta filmaketaren aitzindaria izan zen, eta Philippe semearekin bizi izan zuen abendura kontatzen du filmak. Bidaia pertsonal horretan, beren arteko erlazioa ahuldu egin zen arrakasta lortzeko aitaren ametsengatik. Mon pere, le Commandant Jean-Michel Cousteauren liburuan eta Capitaine de la Calypso Albert Falcoren liburuan oinarritzen da gidoia.
Jérôme Salle filmaren zuzendari eta gidoigilearen (Paris, 1971) filmografiari erreparatuta, The Tourist filmaren gidoia idatzi du (Florian Henckel von Donnersmarckek zuzendu zuen, eta Johnny Depp eta Angelina Jolie izan zituen protagonista), Anthony Zimmer filma zuzendu du (Sophie Marceau izan zuen aktore, eta opera prima onenaren Cesar sarietarako izendapena jaso zuen), The Heir Apparent: Largo Winch filma zuzendu du (Tomer Sisley eta Kristin Scott Thomas dira aktoreetako bi) eta Zulu zuzendu du (Orlando Bloom eta Forest Whitaker ditu protagonista, eta Cannesen 2013ko edizioa itxi zuen).
L’Odyssée filmaren protagonistak Lambert Wilson, Pierre Niney eta Audrey Tautou dira, Cousteau bera, Philippe semea eta emaztea, hurrenez hurren. Wilsonek Xabier Beauvoisentzat lan egin du (Des hommes et des dieux, epaimahaiaren sari handia Cannesen 2010ean), baita Andre Techinerentzat ere (Rendez-vous, zuzendari onenaren saria Cannesen 1985ean). Bigarren aldiz izango da Donostian; 2007an izan zen lehen aldiz, Michael Radforden Flawless filmak Sail Ofiziala itxi zuenean.
Bestalde, Pierre Niney gizonezko aktore berri onenaren Cesar sarirako hautagai izan zen J’aime regarder les filles (2011) filmagatik, gizonezko aktore onenaren Cesar saria irabazi zuen Yves Saint Laurent (Jalil Lespert, 2014) filmagatik eta Frantz François Ozonen filmaren protagonista da. Tautou Frantziako zinemaren emakumezko aktore ezagunenetakoa da, eta honako film hauetan parte hartu du: Le fabuleux destin d'Amelie Poulain (Jean Pierre-Jeunet, 2001), Zabaltegi inauguratu zuena; Dirty Pretty Things (Stephen Frearsek zuzendu zuen eta 2002ko Perlak sailean hautatu zuten, Venezian eman ondoren); Un long dimanche de fiançailles (Jeunet, 2004); Coco avant Chanel (Anne Fontaine, 2009) eta Therese Desqueyroux (Claude Miller, 2012). Film horietako rolengatik, Lumiere eta Cesar sariak jaso ditu.
L’Odyssée / The Odyssey filmak 35 milioi euroko aurrekontua du, Frantziaren eta Belgikaren arteko koprodukzia da eta Wild Bunchek banatuko du. Lehiaketatik kanpo proiektatuko dute, irailaren 24an, Zinemaldiaren amaiera galaren ondoren.