64. edizioa
‘Indarkeria globalaren’ inguruko 32 film, Zinemaldian
Agencias | Redacción
Donostiako 64. Zinemaldiaren atzera begirako ziklo tematikoak mundu osoan zehar piztutako indarkeria agerraldiak jorratuko ditu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gerrak, terrorismoa eta giza eskubideen bortxaketak: horren ingurukoak dira Donostiako Zinemaldiak “The Act of Killing. Zinema eta Indarkeria Globala” gaur egungo gizartearen gatazka nagusiei buruzko hausnarketa plazaratu nahi duen ziklorako hautatu dituen filmen argumentuak.
Atzera begirako erakusketa tematiko hau Donostia 2016rekin batera antolatu du Zinemaldiak, eta “The Act of Killing” Joshua Oppenheimerren dokumentala (2012, Danimarka, Norvegia eta Erresuma Batua) eskainiko du, besteak beste. Zikloari izena eman dion lan horretan, Indonesiako heriotzaren eskuadroietako agintari horiek beren hilketa jendetsuak islatzen dituzte, horretarako hainbat zinema genero erabilita.
Hala, munduan azken hamarkadetan izandako gertakari tragiko asko ekarriko ditu plazara zikloak, hala nola IRAren, ETAren eta beste talde batzuen ekintzak, estatuek erabilitako gerra zikina, Afrikako borrokak, palestinarren eta israeldarren arteko gatazka, Ukrainako gerra…
Latinoamerikako hainbat herrialdetako indarkeria giroa, sahararren egoera, Kanbodiako eta Indonesiako genozidioak eta terrorismo jihadista dira, esaterako, beste film batzuen protagonistak.
Fikziozko zein ez-fikziozko pelikulak daude, hainbat eta hainbat zinemagilerenak: Julio Medem, Aitor Merino, Paul Greengrass, Joshua Oppenheimer, Heddy Honigmann, Hubert Sauper, Amat Escalante, Rithy Panh, Christian Petzold, Steve McQueen, Mahamat-Saleh Haroun, Danis Tanovic, Sergei Loznitsa, Bahman Ghobadi, Ziad Doueiri, Hany Abu-Assad…
Atzerabegirakoak Europa Transit Donostia 2016ren ekimeneko film sortako baten estreinaldia ere hartuko du. Gatazkak bizi dituzten edo bizi izan dituzten hamar hiritan filmatutako dokumental sorta da Europa Transit.
Gainera, 32 tituluko zerrendan hauek ageri dira: "Euskal pilota. Larrua harriaren kontra” (2003), Julio Medem; "Itsasoaren alaba" (2009), Josu Martínez; "Bakerantza" (2011), Eterio Ortega Santillana; "Asier ETA biok" (2013), Aitor eta Amaia Merino; "Lasa eta Zabala" (2014), Pablo Malo; eta "1980" (2014), Iñaki Arteta; "Irla banandua", Xuban Intxaustik Europa Transiterako egindako lana ere eskainiko dute.