Itxi

Donostia saria

Ethan Hawke, Donostia saridun aparta

Natxo Velez | eitb.eus

Leer en Castellano

45 urteko texastar aktorea “Zazpi apartak” filmaren bertsio berria aurkeztera etorri da Donostiara, eta Jose Luis Rebordinosen eskutik jaso du bere ibilbide oparoaren omenezko saria.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ethan Hawke aktore, idazle, zuzendari eta ekoizle estatubatuarra Donostiako Zinemaldiaren Donostia sariaren jabe direnen taldean dago gaur gaueko ekitaldiaz geroztik. Jose Luis Rebordinos jaialdiaren zuzendariaren eskutik jaso du aintzatespena Hawkek, Kursaalen, “Zazpi apartak” filmaren bertsio berria, Donostiara ekarri duen lana, proiektatu aurretik eginiko zeremonian.

Texastarrak “ohorea eta esker ona” adierazi ditu lehenik eta behin, jaialdiaren sari gailena jaso dutenen zerrendan agertzeagatik, eta “zinemaren erakunde santuko” kidetzat aurkeztu du bere burua, “zinemak guregan duen boterean sinesten baitut”.

“Nik aukeratu dudan Eliza da zinema, eta hau bezalako jaialdiak erakunde sakratuak dira. Zinemarengan dugun fede, maitasun eta itxaropena berresteko gaude hemen”, esan du Kursaaleko agertokiaren gainean eginiko hitzaldian.

“Zinema ez dute mugek murrizten, ezin da mugatu, eta denongana hel daiteke”, baieztatu du. “Eta zenbat eta istorio gehiago partekatu, orduan eta hobeto ulertuko dugu elkar, eta zauriak zaintzea posible izango da”, erantsi du agur gisa gaztelaniaz “Gracias con amor” esan aurretik.

Donostia saria

Hawke zinemaren hainbat eta hainbat izen handik osatzen duten zerrendari gehitu zaio gaur. 1986. urtean lehenengoz eman zuten saria makina bat aktore eta zuzendari handik jaso dute honezkero: Gregory Peck, Glenn Ford (1987), Bette Davis (1989), Lauren Bacall (1992), Michael Caine eta Robert de Niro (2000), Isabelle Huppert, Sean Penn eta Robert Duvall (2003), John Travolta, Oliver Stone, Ewan McGregor, Tommy Lee Jones eta Dustin Hoffman (2012)…

Gainera, Hawkek ez ezik, aurtengo Zinemaldian, 64. edizioan, Sigourney Weaver aktoreak ere jasoko du Donostia saria. Hilaren 21ean jasoko du “Alien” eta “Gorilak lainopean” filmetako protagonistak bere ibilbidearen omenezko saria.

Albisteak (2)

Bideoak (3)

Galeriak (1)