Itxi

Zinemira saria

Euskal zinemak esker ona adierazi dio Ramon Bareari

N.V. | eitb.eus

Leer en Castellano

Bilbotar aktore, zuzendari eta antzerkigileari Zinemira saria eman diote Euskal Zinemaren / ETB Galan. Gainera, "Igelak" eta "Buscando a Agirre" dokumentala aurkeztu dituzte.

Irene Bau aktoreak jaso du Ramon Barearentzako saria

Euskal zinemaren eguna izan da gaurkoa Donostiako Zinemaldiaren 64. edizioan, eta Euskal Zinemaren Gala / ETB Galak Ramon Bareari Zinemira saria emateko eta "Igelak" eta "Buscando a Agirre" filmak aurkezteko aukera eman du.

Jon Plazaolak Victoria Eugenia antzokian gidatutako saioa hasteko, ?sir Ramon Barea? -hala deitu dio aurkezleak- omendu dute. Haren ibilbide oparoko paper gogoangarrienetako batzuk erakutsi dituzte hasi eta berehala, bideo batean, eta Juanma Bajo Ulloa zinema zuzendaria agertokira atera da, saria emateko. ?Ramon Barea, maite zaitut? adierazi du gasteiztarrak.

Irene Bau aktoreak jaso du saria, haren izenean, Barea Madrilen baitago ?Incendios? antzezlana egiten, bere testuinguru ohiko eta maiteenean, agertoki gainean. Ondorioz, galan proiektatu duten bideo baten bidez eman ditu eskerrak aktoreak.

Ramon Bareak bideo batean eman ditu eskerrak (gaztelaniaz)

Donostian saritu izana garrantzitsutzat jo du Bareak, bertan hasi baitziren, ?Segoviako ihesa?rekin eta gisa horretako filmekin, euskal zinemaren aitzindariak lanean. Ilusio handiko eta diru gutxiko garaiak ekarri ditu gogora mezuan, eta bere belaunaldiko kideei eskaini die saria, baita bizitzan alboan izan dituen emakumeei ere.

Jarraian, ?Buscando a Agirre? eta ?Igelak? aurkeztu dituzte, gala ixteko proiektatu dituzten filmak.

Edu Barinaga ETBko zuzendariak Agirre lehendakariaren biografiari begiratzen dion lana aurkezteko esan duenez, ?gure gizartea une kritiko batean dago egun, eta Agirre erreferente gisa edukitzea ona litzateke?.

?Igelak? filma, berriz, Patxo Telleria zuzendariak eta Gorka Otxoa aktoreak aurkeztu dute, eta Aitor Mazo adiskidea hartu du gogoan Telleriak. Otxoa donostiarra, Zinemaldiaren zaletzat, filma bertan aurkezteaz pozik agertu da.

Ramon Barea

Ramon Barea Bilbon jaio zen, 1949an. Meza-mutila izan zen bere parrokian, baita atabalaria eta txakur-toreatzailea ere Bilboko Plaza Barrian, baina gazte-gaztetatik liluratu zuen antzezpenak eta berehala, 70eko hamarkadan, Cómicos de la Legua eta Karraka izeneko antzerki independenteko taldeak sortu eta haietan jardun zuen aktore-lanetan.

Hala ere, taula gaineko bere lanagatik ez ezik, Barea dramaturgo eta antzerki-zuzendari gisa ere nabarmentzen da; ehun lan baino gehiago egin ditu gaur arte.

Antzerkiko aktore gisa, ezin konta ahala paper jokatu ditu Bareak

Zinemari dagokionez, Segoviako ihesa filmarekin ekin zion bere karrerari, 1981ean, euskal aktore eta teknikarien belaunaldi oso batekin batera, eta, harrezkero, ehundik film luzetan baino gehiagotan eta berrogeita hamar bat film laburretan parte hartu du

Zinema-zuzendari gisa 1996an egin zuen debuta, Adiós Toby, adios film laburrarekin, zeina Canneseko Kritikaren Asterako hautatua izan zen. Bere bigarren film laburrarekin, Muerto de amor, Cannesen izan zen berriro. Lehen film luzea 1999an zuzendu zuen: ?Pecata minuta?, Elena Irureta eta Mariví Bilbaorekin. Zuzendu zuen hurrengo filma, eta oraingoz azkena, ?El coche de pedales? izan zen, 2004an, Álex Angulorekin.

Antzerkian, bost aldiz jaso du Bilboko kritikarien Ercilla saria, zuzendari gisa egindako beste horrenbeste lanengatik. Hollywoodeko Oscarretaraino ere iritsi da, Borja Cobeagaren Éramos pocos film laburrean izan zuen parte-hartzeari esker.

Euskal Aktoreen Batasunaren saria, Arte Eszenikoen Max saria eta Antzerkiko Sari Nazionala ere irabazi ditu, eta, bitxikieria gisa, bere ibilbide profesionalean inoiz ez du izan agenterik.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)