Glocal in progress
Hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako lanak bultzatuko ditu Zinemaldiak
Agentziak | Erredakzioa
Donostiar zinema jaialdiaren ekimenaren helburua da gaztelania, alemana, frantsesa, ingelesa, italiera edo errusiera ez diren hizkuntzetan eginiko europar filmak babestea.
Glocal in Progressek, Donostiako Zinemaldiko industriaren ekimen berriak, bertan izena emateko epea ireki du, ekainaren 30ean bukatuko dena. Irailaren 25ean, 26an eta 27an egingo dute Glocal in Progress, Zinema Eraikitzen eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa egingo diren egun beretan, eta hizkuntza ez-hegemonikoetan (gaztelania, alemana, frantsesa, ingelesa, italiera eta errusiera ez direnak) eginiko filmei bideratuta dago.
Postprodukzio epean dauden hiru film luze hautatu aurkeztuko dira ekimen honen barruan, ekoizle, banatzaile, salmenta agente eta programatzaileen aurrean, horiek proiektua amaitzeko eta zabaltzeko laguntza emateko gaitasuna baitute.
Helburua da hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatuta dauden Europako produkzioak ezagutzera ematea kolaborazioak erraztea, koprodukzioak sustatzea eta film horiek hedatzen laguntzea.
Ekimen honekin, sorkuntzaren aldeko apustua indartu nahi du Zinemaldiak. 2002an heldu zion ildo horri, Zinema Eraikitzen abiarazita. Industriako jarduera hori aitzindaria izan zen garai hartan, eta hari esker izan zuten Latinoamerikako produkzio askok amaitzeko modua. Lan hori, 2012tik aurrera, garapenean dauden proiektu europar eta latinoamerikarrei zuzendutako Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren bidez osatzen da.