Irailak 22-30
'Handia' Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean izango da
N.V. | eitb.eus
Zinema jaialdiak 65. edizioan egongo diren euskal eta espainiar filmak aurkeztu ditu gaur, Madrilen. Euskal film gehiago ere egongo dira, beste sail batzuetan.
"Handia" Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako filma Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da, zinema jaialdiak iragarri duenez. Zinema aretoetara iritsi baino hilabete eskas lehenago, Urrezko eta Zilarrezko Maskorretarako lasterketan arituko da, beraz, Altzoko Handiaren bizitzaren nondik norakoetan oinarritutako filma.
"Loreak" eta "Amama" pelikulen ondoren, hiru urtean Sail Ofizialean erakutsiko duten euskarazko hirugarren filma izango da ETBren parte-hartzea duen istorioa.
Juan Garaño y Aitor Arregi #65SSIFF #photocall #CineEspañol65 #Handia pic.twitter.com/Xklph2fdMd
— Festival S.Sebastián (@sansebastianfes) 2017(e)ko uztailak 28
Halaber, beste sail batzuetan ere, euskal film gehiago egongo dira, hala nola "Fe de etarras" (Borja Cobeaga, Netflixek ekoitzia), Belodromoan; "Plágan" Koldo Almandozen film laburra (Zabaltegi-Tabakera); eta "Saura (s)", Felix Viscarret iruindar zinemagileak Carlos Saura zinemagileari egindako begirada. "Operación Concha" (Antonio Cuadri) ere ikusi ahalko da: Donostian filmatutako pelikula hau Zinemaldian bertan dago girotuta, eta Karra Elejalde, Unax Ugalde, Barbara Goenaga eta Aitor Merinoren parte-hartzea du.
Urrezko Maskorraren bila
Bestalde, bi film espainiar lehiatuko dira Urrezko Maskorra helburu: "El autor" (Martin Cuenca), Javier Gutierrez, Maria Leon eta Antonio Latorre protagonista dituen eta "El móvil" Javier Cercasen eleberrian oinarrituta dagoen lana, eta "Life and Nothing More" Antonio Mendez Esparza madrildarraren pelikula, Floridan bizi diren ama ezkongabe baten eta 14 urteko semearen bizitzari begiratzen diona.
Lehiatik kanpo, sail ofizial batean lehenengoz, telesail baten lehen bi atalak estreinatuko dituzte. "La peste" Alberto Rodriguezen telesaila izango da, aktore taldean, besteak beste, Paco Leon daukana.
Halaber, Sergio G. Sanchez zuzendariaren lehen filma, "Marrowbone (El secreto de Marrowbone)", eta "Morir" Fernando Francoren filma ere proiektatuko dituzte.
Fernando Leon de Aranoa, Pablo Escobarri begira
Ohi bezala, Perlak sailak beste jaialdi batzuetan sariak jaso dituzten filmak erakutsiko ditu Donostian. Besteak beste, "Loving Pablo" proiektatuko dute, Fernando Leon de Aranoa zuzendariak eta Javier Bardem aktoreak Pablo Escobar narkotrafikatzailea zenaren inguruan ondu duten lana. Belodromoan izango da hitzordua, 3.000 ikuslerentzat.