Programazioa
Cannesko eta Berlingo film irabazleak, Donostiako Zinemaldian ikusgai
eitb.eus
‘The Square’ Cannesko Urrezko Palmaren irabazleak Zabaltegi-Tabakalera saila inauguratuko du, eta ‘On Body and Soul’ Urrezko Hartzaren irabazlea Perlak sailean lehiatuko da.
Urteko film garrantzitsuenetako batzuek osatuko dituzte Perlak eta Zabaltegi-Tabakalera Donostiako Zinemaldiko sailak. Perlak beste zinemaldi batzuetan arreta bereganatu duten filmak erakusten dituen sailean, Ilkido Enyedi zinemagilea, On Body and Soul fabularekin Urrezko Hartza irabazi zuen hungariarra, honako hauek izango ditu aurkari Donostia Hiria Publikoaren saria lortzeko: Nelyubov / Loveless (Andrey Zvyagintsev) Cannesko Epaimahaiaren sariaren irabazlea eta 120 battements par minute (120 BMP) / 120 Beats Per Minute (Robin Campillo) Cannesko Epaimahaiaren Sari Nagusiaren irabazlea.
Horiez gain, ikusleek emandako saria lortzeko lehian izango dira Wonderstruck Todd Haynesen lana eta Sundancen estreinatutako bi film: The Big Sick (Michael Showalter) eta Call Me By Your Name (Luca Guadagnino). Joan den astean iragarri zutenez, gainera, Loving Pablo Fernando Leon de Aranoaren pelikulak itxiko du saila.
Cannesko irabazlea, Zabaltegi-Tabakalera irekitzeko
Bestalde, The Square Ruben Östlund suediar zuzendariaren azken lanak zabalduko du Zabaltegi-Tabakalera saila, Cannesko zinema jaialdian Urrezko Palma irabazi ondoren.
Horrekin batera, L?amant d?un jour / Lover for a day (Philippe Garrel) eta Tesnota / Closeness (Kantemir Balagov) lehiatuko dira sail horretan. Aurreko batean Zinemaldiak iragarri zuenez, Saura(s) Félix Viscarret nafarraren filma ere ikusi ahalko da sail horretan.
Datozen asteetan jakinaraziko dute bi sail horiek zein filmek osatuko dituzten.