Itxi

Irailak 25-27

Zinemaldia, euskarazko, eslovenierazko eta errumanierazko zinemarako leiho

eitb.eus

Glocal in Progress sailak postprodukzio fasean dauden hiru film erakutsiko ditu profesionalen aurrean, lanok bukatzen edo nazioartean zabaltzen lagun dezaten.

Dantza (Telmo Esnal), Izbrisana / Erased (Miha Mazzini) eta Un om la locul lui / A Decent Man (Hadrian Marcu) dira Glocal in Progress sailaren lehen ediziorako aukeratutako europar filmak, eta, ondorioz, Europako hizkuntza ez hegemonikoetan egindako pelikula horiek erakutsiko ditu Donostiako Zinemaldiak profesionalei begira zabaldutako erakusleiho honetan.

Hiru lanok postprodukzio fasean daude, eta ekoizle, banatzaile, salmenta agente, programatzaile eta bestelako profesionalei erakutsiko dizkiete, bukatzen eta nazioartean zabaltzen lagun diezaieten.

Dantza lanarekin bosgarrenez hartuko du parte Telmo Esnal zuzendariak Donostiako Zinemaldian. 2005ean, Aupa Etxebeste! Asier Altunarekin idatzi eta zuzendutako pelikula aurkeztu zuen; 2009an, Amona putz! film laburra; 2011n, Urte berri on, amona! Zabaltegi-Zuzendari Berriak atalean; eta iaz, 64. edizioan, Iraila, Kalebegiak film kolektiborako Asier Altunarekin batera zuzendutako film laburra, Belodromoan erakutsi zena.

Bestalde, bai Izbrisana / Erased (Miha Mazzini) Eslovenia, Kroazia eta Serbiako ekoizpena bai Un om la locul lui / A Decent Man (Hadrian Marcu) errumaniarra beren zuzendarien lehen lanak dira.

Sail honen helburua da hizkuntza ez hegemonikoetan (alemana, gaztelania, frantsesa, ingelesa, italiera eta errusiera ez diren beste guztiak) filmatutako pelikulei ikusgarritasun handiagoa ematea.

“Dantza”

Dantza Telmo Esnalen film musikalak bizitzaren zikloaren eta gizakiaren eboluzioaren gaineko istorioa osatzen du, euskal dantzen eta beroriek jasotzen duten sinbologia osoaren bidez. Filmean, keinuek, abestiek, erritmoei eta hitz gabeko hizkuntzak dantzek iruten duten diskurtsoa bultzatzen dute.

 

Albisteak (1)