Ospakizuna
Alfonbra beltza Donostiako Zinemaldiaren hasiera ekitaldian
Erredakzioa
Zinearen inguruan sortu duten ospakizunean, Roman Polanskiren 'The Ghost Writer' filmak irabazi duen Fipresci saria jasoko du Olivia Williams aktoreak
Roman Polanski zine zuzendaria izango da gaur Donostian egingo duten inagurazio ekitaldiko hutsune handiena. Bere azken filmak, The Ghost Writer, Fipresci saria irabazi du. Polanskiren ordez Olivia Williams aktoreak jasoko du saria.
Gaueko bederatzietan hasiko den ekitaldia, ETB 1-en eta Eitb.com-en bidez ikusi ahal izango da zuzenean. Aurretik, bertan parte hartuko duten izar eta bisitariek Kursaal aretoan sartu ahal izateko alfonbra beltza zeharkatu beharko dute.
Edurne Ormazabal eta Eduardo Noriegak aurkeztuko duten ekitaldian epaimahai ofizialeko kideak egongo dira. Jo Allen, José Coronado, Claudia Llosa, Raya Martín eta Pablo Trapero-z gain, Goran Paskaljevic epaimahaiburuak ere parte hartuko du. Gainera, Kutxa Zuzendari Berriak eta Horizontes sariko epaimahaiburuak diren Hans Petter Moland eta Sebastián Cordero ere egongo dira.
Inagurazio ekitaldia amaitu ostean, Felipe Cazals zuzendariaren Chicogrande emango dute.