Irailak 22-30
Aronofsky, Baker, Haneke eta Koreeda, Zinemaldiko Perlak ixteko
eitb.eus
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren antolatzaileek itxitzat eman dute beste jaialdietako film azpimarragarrienak erakusten dituen saileko programazioa.
Hamar film gehiago batu dituzte Donostiako 65. Zinemaldiko Perlak sailaren programazioan, eta punta-puntako hainbat zuzendariren azken lanak erakutsiko dituzte, beraz, Gipuzkoako hiriburuan: Darren Aronofsky, Sean Baker, Robert Guediguian, Michael Haneke, Hirokazu Koreeda, Xavier Legrand, Martin McDonagh, Janus Metz, Lynne Ramsay eta Paolo Virzì
Horiek guztiak Donostia Hiria Publikoaren Saria lortzeko lehiatuko dira, horrenbestez.
Mother!, Jennifer Lawrence, Javier Bardem eta Michelle Pfeiffer protagonista dituela, Darren Aronofskyren (Requiem for a Dream, The Wrestler, Black Swan) film berria da, thriller psikologiko bat.
The Florida Project (Sean Baker) film txalotuenen artean egon zen Canneseko azken zinema jaialdian: sei urteko neskato bati eta haren lagunei buruz hitz egiten du Donostian ikusgai egongo den lan horrek.
Robert Guediguianek bere ohiko konplizeak bildu ditu La villa / The House by the Sea filmaren antzeztaldean; hain zuzen ere, hiru anai-arrebaren arteko topaketa filmatu du.
Michael Hanekek, gaur egungo zinemagintzako zuzendari garrantzitsuenetako batek, Happy End aurkeztuko du Perlak sailean, Europako burges familia baten bizitzaren bat-bateko argazkia.
Hirokazu Koreeda lau aldiz izan da Urrezko Maskorra lortzeko lehian, eta birritan jaso du Donostiako Publikoaren Saria. Sando-me no satsujin / The Third Murder Venezian lehiatuko den filma bere bezeroaren erruduntasunaz zalantzak duen abokatu bati buruzkoa da.
Xavier Legrandek zaintza partekatua duten guraso dibortziatu batzuen seme baten istorioarekin egingo du debuta film luzeen zuzendaritzan, Jusqu’à la garde / Custody pelikularekin.
Martin McDonagh Three Billboards Outside Ebbing, Missouri filmak eramango du Donostiara, eta , bere kamera Afganistaneko daniar erregimentu batengana bideratu (Armadillo) eta True Detective telesailaren kapitulu bat filmatu ondoren, Borg/McEnroe aurkeztuko du Janus Metzek.
You Were Never Really Here Lynne Ramsay eskoziarraren filmak gidoi onenaren eta gizonezko aktore onenaren (Joaquin Phoenix) sariak irabazi zituen Cannesen, eta Donostian ikusi ahalko da irailean.
The Leisure Seeker Paolo Virzìk AEBn egindako lehen filmak Helen Mirren eta Donald Sutherland ditu aktore nagusi.
Film horiez gain, aurretik irgarritako hauek egongo dira Perlak sailean: Teströl és lékekröl / On Body and Soul, Ilkidó Eneydirena; Nelyubov / Loveless Andrey Zvyagintsevena; 120 battements par minute (120 BMP) / 120 Beats Per Minute, Robin Campillorena; Wonderstruck, Todd Haynesena; The Big Sick, Michael Showalter-ena; Call Me By Your Name, Luca Guadagninorena; eta Loving Pablo, Fernando León de Aranoarena, lehiaketaz kanpo saila itxiko duen filma.
Donostia Hiria Publikoaren Sariak bi errekonozimendu egiten ditu: film onenaren saria, 50.000 eurokoa, eta Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa.