Zinemaldia 2010
Julia Roberts: 'Krisi momentuetan Obamarekin hitz egiten dut'
Erredakzioa
Gaur arratsaldean 'Jan, errezatu, maitatu' lana aurkeztu du prentsaurrekoan, Javier Bardemekin batera. Gauean Donostia Saria jasoko du estatubatuarrak.
Julia Robertsek Jan, errezatu, maitatu pelikula aurkeztu du gaur arratsaldean Zinemaldian. Aurtengo edizioko Sail Ofizialean proiektatu da lana, baina lehiaketaz kanpo. Estatubatuarrarekin batera, Javier Bardem aktorea ere egon da bertan. Bi aktoreak Zinemaldiko bikotea bihurtu dira, eta bien arteko konplizitatea agerian gelditu da galdera pertsonalik onartu ez duen prentsaurreko batean.
Julia Roberts irribarretsu agertu da une oro. Eitb.com-ek egindako galderari erantzunez, benetako istorio batean oinarritutako papera egiteak dakarren erantzukizunaz aritu da. Pertsona baten bizitza pantailara eramateak eskatzen duen dokumentazio lanaz hitz egin du, eta, Liz Gilberten eleberri batean oinarritzen bada ere, pelikula ez dela liburua azpimarratu du.
Filma grabatzen ari zirela Javier Bardemek autoaz ia harrapatu zueneko momentua gogoratu du Julia Robertsek, eta ''''Euskadi Directo'''' saioren eskutik txapela ere jaso du. Barre artean, aktore estatubatuarrak barkamena eskatu du erantzun luzeegiak emateagatik.
Robertsek adierazi duenez, uneoro omen dago bera ere krisian, pelikulako Liz Gilbert bezala. Horri aurre egiteko ''''Obamarekin hitz egiten dut'''', esan du. ''''Obamaren emaztearekin arazorik ez izatea espero dut'''', gaineratu bertakoen barre artean.
Julia Robertsen azken pelikula dugu Jan, errezatu, maitatu. Ryan Murphyren zuzendaritzapean, Robertsekin batera, Javier Bardem dugu film honetan protagonista. Elizabeth Gilbert kazetari eta idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutako film honetan, senarra utzi eta Indiatik bidaia espiritual bat egiten duen emakume baten istorioa kontatzen du. Irailaren 24ean estreinatuko da Espainiako zinema-aretoetan.
Robertsek azaldu duenez, 2006an irakurri zuen liburua lehen aldiz. Urtebete geroago proposatu zion Ryan Murphyk papera, afaltzen zeudela.
Pelikulako zuzendariak azpimarratu duenez, Liz Gilbertek prozesua gertu-gertutik jarraitu du, eta liluratuta dago emaitzarekin.
Bizitzaren plazerrak ditu lanak hizpide, eta, horien inguruan galdetuta, Bardemek esan du mundu guztiari gustatzen zaizkion gauzak gustatzen zaizkiola berari ere.