Itxi

5. jardunaldia

Sail Ofizialaren bidetik berriz Zinemaldia

Erredakzioa

Julia Roberts eta Javier Bardem joan eta gero, pelikulak dira protagonista nagusi. 'Gabonetan etxera' eta 'Elisa K' aurkeztu dituzte Sail Ofizialean.

Julia Robertsi Donostia Saria eman zioten egunaren biharamuna izan dugu asteartea Zinemaldian. Arnasa hartu eta jaialdiaren azken txanpan murgiltzeko eguna izan da bosgarren hau.

Judith Colellek eta Jordi Cadenak zuzendutako Elisa K da Sail Ofizialean aurkeztuko duten filmetako bat. Hamaika urteko neska batek, Elisak, aldaketa izugarria izango du bere bizitzan, eta horren berri emango digu pelikulak. Judith Colell Nosotras (2000) eta 53 días de invierno (2006), eta Jordi Cadena Els papers d''Aspern (1991) eta És quan dormo que hi veig clar (1988) lanei esker ezagutu ditugu.

Gabonetan etxera da Sail Ofizialean lehiatu den beste pelikula. Bent Hamer zuzendari eta gidoilariak egindako lanean, Skogli (Norvegia) fikziozko herriko gertakizunak kontatzen dizkigu. Horretarako, bertako herritarren bizipenak kontatzen dira. Hamer zuzendari oso ezaguna da, besteak beste, Eggs (1995) eta Kitchen Stories (2003) lanak egin baititu; Fipresci saria irabazi zuen azken horrekin.

Horizontes Latinos sailean, Patricio Guzmán zuzendariaren Nostalgia de la luz lana aurkeztu da. Zeruaren eta lurraren arteko distantziari buruzko filma da eta argiaren eta gizakien arteko distantziari buruz hitz egiten du. Guzmanen lanak konpromiso handiko filmak izan ohi dira. Besteak beste, Chile, la memoria obstinada (1997), El caso Pinochet (2001), Madrid (2002) eta Salvador Allende (2004) egin ditu; azken hori ere Zinemaldian aurkeztu zuen.

Zabaltegi sailak egun bete-betea izango du gaur: Principii de viata, Las marimbas del infierno eta La noche que no acaba lanak aurkeztuko dira. Constantin Popescu italiarraren Principii de viata lanean, bere bigarren emazte gaztearekin zoriontsua dela uste duen enpresari baten istorioa kontatzen da. Las marimbas del infierno Julio Hernández Cordón zuzendariaren lehendabiziko film luzea da. Bertan, marinba jotzen duen Alfonso izeneko musikari batek heavy metal estiloa maite duen Blacko izeneko bat ezagutuko du, eta proiektu berri bati ekingo diote elkarrekin. La noche que no acaba Isaki Lacuestaren lan berria da. Pandora eta Harem filmen plano bi erabilita, Ava Gardner handiaren beste ikuspegi bat ematen da bertan, bere burua pantailan ikustea gorroto zuela erakutsiz.

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)