IRAILAK 22-30
Monica Belluccik eta Agnes Vardak jasoko dute aurten Donostia saria
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Horiez gain, Ricardo Darin aktore argentinarrari ere emango diote Donostia saria.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Monica Bellucci aktore italiarrak eta Agnes Varda zinemagile belgikarrak jasoko dute aurten Donostia saria Donostiako Zinemaldian, aurretik iragarrita zegoen Ricardo Darin aktore argentinarrarekin batera.
Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak eta Ruth Perez de Anucita Komunikazio arduradunak aurtengo Zinemaldia aurkeztu dute prentsaren aurrean, eta Donostia saria jasoko duten bi emakumeen izenak iragartzeaz gain, aurtengo ekitaldiaren xehetasunak eta nobedadeak azaldu dituzte.
Zinemaldiaren 65. edizioan, beraz, hiru Donostia sari banatuko dira; izan ere, gaur iragarritako bi horiez gain, Ricardo Darin aktore argentinarrak ere jasoko du aurten Donostia saria.
Bellucci aktore italiarrari Anoeta belodromoan egingo den ekitaldian emango diote saria, Varda zinemagileari Victoria Eugenia antzokian, eta Kursaal jauregian emango diote Ricardo Darin aktore argentinarrari.
Donostia sarien inguruan Rebordinosek adierazi duenez, Zinemaldia egungo garaietara "egokitu" nahi izan dute. Horren esanetan, "Donostia saria" kontzeptuak ez du "aldaezina" izan behar. Ildo horretan, Donostia sariak glamourra izaten jarraituko duela, baina aurrerantzean zinema munduko beste sail batzuetara ere zabalduko dela azpimarratu du, argazki zuzendariak edota musikariak, adibidez, nabarmentzeko.
Epaimahaia eta alfonbra gorria
John Malkovich izango da Sail Ofizialeko epaimahaiaren burua, eta, besteak beste, Dolores Fonzi eta Emma Suárez antzezleak, William Oldroyd zinemagilea, Paula Vaccaro ekoizle eta gidoilaria eta Fabio Cianchetti argazkilaritza zuzendaria izango ditu epaimahaikide.
Horiez gain, hauek ere izango dira aurten Zinemaldian: Javier Bardem, Berenice Bejo, Steve Coogan, Glenn Close, Penelope Cruz, James Franco, Jean-Pierre Leaud, Benoît Magimel, Arnold Schawarzenegger, Paz Vega eta Alicia Vikander.
Aurten, Darren Aronofsky, Raymond Depardon, Ildiko Enyedi, Robert Guediguian, Todd Haynes, Aki Kaurismäki, Hirokazu Koreeda, Ruben Östlund, Lynne Ramsay, Carlos Saura, Wim Wenders, Michael Winterbottom eta Frederick Wiseman zuzendariek beren filmak aurkeztuko dituzte Donostian.