Itxi

Zinemaldia

Alex Angulok jaso du aurtengo Zinemira Saria

Erredakzioa

Joan den urtean saritutako Imanol Uribek eman dio. Ekitaldia Euskal Zinemaren Galan egin dute, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.

Alex Angulo aktore bizkaitarrak aurtengo Zinemira Saria jaso zuen atzo gauean, joan den urtean saritutako Imanol Uribe zuzendariaren eskutik. Koldobika Jauregik sortutako artelan honekin aktore bizkaitarrak zinemaren munduan izan duen ibilbidea saritu dute. Donostiako Victoria Eugenia Antzokian izan zen ekitaldia, Euskal Zinemaren Galan.

Angulok ''''oso-oso eskertuta'''' hartu du saria, eta urte hauetan alboan izan dituen hainbat zuzendari eta lagun gogoratu ditu, tartean Alex de la Iglesia, Enrique Urbizu, Ramon Barea, Karraka taldeko kideak eta Imanol Uribe bera. ''''Berekoi hutsa naiz eta sari hau neurea da'''', esan du aipamena bere lankide guztiei, inspirazio iturri duen kaleko jendeari eta emazteari eskaini baino lehen. ''''Antzerkia eta zinema egitea bizitzea da’’, esan du Angulok.

Alex Angulok (Erandio, 1953) Imanol Uriberen Segoviako ihesa (1981) ) lanarekin ekin zion bere ibilbideari zinema munduan. Uribek berak jaso zuen joan den urtean Zinemira Saria. Alex de la Iglesiarekin El Día de la Bestia (Piztiaren eguna) egin zuen Angulok 2005ean, eta, lan honekin, Goya sarietarako izendatu zuten aktore onenaren atalean. Orduan hasi zen telebistan, zineman eta antzerki munduan aritzeko gidoiak jasotzen. ''''Periodistas'''' telesailean egindako Blas Castelloterena eginda lortu zuen ospea Espainia mailan. Zinemira saria jasotzeaz gain, aurtengo Zinemaldiko Sail Ofizialean ere badabil Angulo, Óscar Aibar zuzendariaren Vazquez handia pelikularekin.

Euskal zinema izan da protagonista nagusia Zinemaldiko seigarren jardunaldi honetan. Euskal Zinemaren Gala egin dute Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, eta aurten Zinemaldian ikusgai izan diren euskal pelikulak errepasatzeaz gain, Txaber Larreategik eta Josu Martinezek zuzendutako Debekatuta dago oroitzea dokumentalaren estreinaldia ere egin dute.

Euskal Zinemaren egun handiak, gainera, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendari berriaren lehen hitzak ere ekarri zizkigun. Euskal Zinema izan du hizpide Rebordinosek, eta euskal zinemagintzak garrantzi gehiago izan dezan lana egingo dutela iragarri du.

Donostiako Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak antolatzen dute Zinemira-Euskal Zinemaren Panorama, EITBk babestuta. Zinemaldiaren programazio orokorraren barruan dago, eta bertan bildutako filmak Zinemaldi osoan zehar proiektatzen ari dira. Gainera, euskal zinemagintzan lan aparta egin duen artista baten ibilbidea nabarmentzen du urtero Zinemira Sariak. Aurtengoa Alex Angulo aktorearentzat izan da.




Albisteak (2)

Bideoak (3)

Informazio gehiago (1)