Itxi

ITXIERA GALA

Glenn Closen 'The Wife' filmak emango dio amaiera aurtengo Zinemaldiari

O.A. | EITB.EUS

Leer en Castellano

Zinemaldiaren 65. edizioaren amaiera ekitaldia 21:00etan hasiko da eta ETB1en eta eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango da.

'The Wife' pelikulako fotograma bat. Argazkia: Zinemaldia

Donostiako Zinemaldiaren 65. edizioa bukatzear dago. Bederatzi egunotan zinema eta xarma handiko izarrak nagusi izan ostean, gaur ezagutuko dugu film onenaren Urrezko Maskorra zeinek irabazi duen. Itxiera gala 21:00etan hasiko da eta ETB1en eta eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango da. Aipaturiko galan palmaresa ezagutaraziko da eta Glenn Close protagonista duen The Wife filma ere erakutsiko da.

Aktore zerrenda ikaragarria izan dugu aurten Donostian, besteak beste, John Malkovich, Glenn Close, James Franco, Arnold Schawarzenegger, Alicia Vikander eta Win Wenders. Horiei gehitu behar zaie gainera Agnes Varda, Ricardo Darin eta Monica Bellucci 2017ko Donostia sariak.

The Wife filmaren Europako estreinaldiak emango dio amaiera Donostia Zinemaldiaren 65. edizioari. Izan ere, Suediaren eta Erresuma Batuaren arteko koprodukzio honek itxiko du Sail Ofiziala. Lehiaketaz kanpo parte hartuko duen film honen zuzendaria Björn Runge da; protagonistak, aldiz, Glenn Close eta Jonathan Pryce.

Björn Runge, Glenn Close eta Annie Starke. Argazkia: EFE

Goizean eskainitako prentsaurrekoan Glenn Close aktoreak aitortu duenez, The Wife pelikulan antzezten duen Joan pertsonaiarekin "identifikatuta" sentitzen da eta ezagutu izan dituen beste hainbat emakumerengan islatuta ikusi omen du. "Emakume askok barruan duten argia itzaltzen edo estaltzen edota beren argia bikotekideari eskaintzen igarotzen dute beren bizitza", deitoratu du. Emakume estatubatuarrak 2011n jaso zuen Donostia Saria eta sei urte geroago Zinemaldira itzuli da.

Bestalde, belodromoak sarien banaketa-galaren emanaldia emango du, eta amaierako bi filmena: Sail Ofiziala itxiko duena, The Wife, eta Perlak saila itxiko duena, Loving Pablo. Gas Natural Fenosaren Zinergia proiektuko film labur batek osatuko du saioa: Isabel Coixetek zuzendutako Proyecto tiemporen lehen zatiak.

Loving Pablo, Fernando Leon de Aranoaren film berria da eta Pablo Escobar narkotrafikatzailearen eta Virginia Vallejo kazetariaren arteko harremana kontatzen du. Javier Bardem eta Penelope Cruz dira protagonistak eta biak ala biak belodromoko ekitaldian izango dira. Aurreikuspenen arabera, gaur bertan iritsiko dira Donostiara.

 

Informazio gehiago (2)