Sariak
'Handia' filmak irabazi du Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Berezia
O.A. | EITB.EUS
Halaber, aurtengo Irizar saria ere eskuratu du Altzoko Handiaren bizitzan oinarritutako filmak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aitor Arregik eta Jon Garañok Altzoko Handiaren bizitza oinarri hartuta egin duten Handia filmak irabazi du Epaimahaiaren Sari Berezia Donostiako Zinemaldiaren 65. ekitaldian. EiTBren parte-hartzea duen filma da.
"Gaurkoa ezin da deskribatu. Sari hau jasota, munduko txapeldunak gara. Guretzat dena esan nahi du", azpimarratu du Garañok saria jasotakoan.
Arregik, bere aldetik, etxekoak izan ditu gogoan, eta beraiekin partekatu nahi izan du, horren esanetan, beraiek lagundu diotelako iritsi den tokira heltzen eta "oinak lurrean izaten". "Berea bezainbeste gurea da saria. Eskerrik asko laguntzagatik", gaineratu du.
Epaimahaiak "filmaren originaltasuna" azpimarratu du, "herrialde baten esentzia komunikatzea lortzen baitu".
Halaber, Handia filmak euskal zinemaren Irizar saria ere eskuratu du Donostiako Zinemaldiaren 65. ekitaldian.
Bestalde, Three Billboards Outside Ebbing, Missouri Martin McDonagh zuzendariaren filmak Publikoaren saria jaso du, eta Xavier Legrand zinemagilearen Jusqu'à la garde / Custody filma agertuko da palmaresean Europako film onena gisa.
Gazteriaren Eroski saria Matar a Jesus Laura Moraren pelikulak irabazi du.
Sebastiene lesbiana, gay, transexual eta bisexualen gaiak ondoen islatu dituen film onenaren saria 120 battements par minute (120 BPM) / 120 Beats per Minute Robin Campillo filmarentzat izan da, eta Espainiako Estatuko zinema kazetariek ematen duten saria, Feroz izenekoa, The disaster artist pelikulak irabazi du.
Bestalde, Greenpeacek ematen duen Lurra saria An Inconvenient Sequel: Truth to Power filmak jaso du, klima aldaketari buruz Al Gore AEBko presidenteorde ohiak egin duen dokumentalak.