Itxi

Zinema

'El amor menos pensado' film argentinarrak irekiko du Zinemaldia

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Juan Verak zuzendutako pelikulak Ricardo Darin iazko Donostia Sariaren jabea eta Mercedes Moran ditu protagonista, eta irailaren 21ean emango dio hasiera Zinemaldiaren 66. edizioari.

Moran eta Darin, 'El amor menos pensado' pelikulan. Argazkia: Zinemaldia

El amor menos pensado pelikula argentinarrak irekiko du Donostiako Zinemaldiaren 66. edizioa, irailaren 21ean. Juan Verak zuzendutako filmak Ricardo Darin eta Mercedes Moran ditu protagonista.

Zinemaldiaren antolatzaileek ohar batean jakinarazi dute Juan Veraren lehenengo film luzeak irekiko duela aurtengo jaialdia. Orain arte, gidoilari eta ekoizle lanak egin izan ditu Verak, besteak beste, Lucrecia Martelen Zama lanean eta Pablo Traperoren Elefante Blanco eta Carancho filmetan.

Veraren lehen filma da, beraz, El amor pensado, eta Ricardo Darin du protagonista nagusia, baina aktore argentinarrak ekoizle lanak ere egin ditu lan honetan, Chino Darin semearekin batera.

Darinek Mercedes Moran izango du ondoan protagonista. Moranek aktore onenaren saria jaso du Karlovy Vary Jaialdian, Sueño Florianopolis pelikulan egindako lanagatik, eta El angel filma ere estreinatu du aurten; Cannesen eman zuten, eta Zinemaldiaren 'Perlak' sailean emango dute.

Iaz Donostia Saria jaso eta urtebetera, Darin berriro izango da Zinemaldian. Aktore argentinarra sarri izan da Gipuzkoako hiriburuko jaialdian; izan ere, lautan lehiatu da Sail Ofizialean, eta epaimahaiko kide ere izan zen 2012an.

Iazko Donostia Sariaz gain, aktore onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuen, Javier Camararekin batera, 2015ean, Truman pelikularengatik.

Juan Veraren filmean matrimonio baten paperean sartu dira Moran eta Darin. 25 urteren ostean, krisian daude, banandu egingo dira, eta horrek maitasunari, desirari eta denboraren iragankortasunari buruzko gogoeta abiatuko du.

Albisteak (6)