Itxi

Atzera begirakoa

Zinemaldiak Muriel Boxen film guztiak emango ditu

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

1945 eta 1964 artean, zinegile britainiarrak garai hartako gai korapilatsuak eta debekatuak jorratu zituen, tartean adingabeei egindako gehiegikeriak, abortua edo nerabeen arteko sexua.

Muriel Boxen atzera begirakoaren kartela. Argazkia: Zinemaldia

Muriel Boxek idatzitako eta zuzendutako 28 filmak emango ditu Donostiako Zinemaldiak, eta irailean hasiko den 66. edizioko atzera begirakoaren protagonista izango da.

Zinemaldiak atzera begirako horren berri eman zuen atzo, eta gogorarazi zuen Boxek gidoilari lanak ere egin zituela, eta horri esker Oscar saria eskuratu zuela 1946an The seventh veil pelikulan egindako lanagatik.

1905eko irailaren 22an New Maldenen (Surrey, Britainia Handia) jaioa, script lanak egiten hasi zen eta 1935ean Sydney Boxekin ezkontu ostean, Verity Films sortu zuen, Bigarren Mundu Gerrako propaganda egiten zuten film laburrak finantzatzeko ekoiztetxea, Betty Box Sidneyren arreba eta 50eko hamarkadako Ingalaterrako ekoizle garrantzitsuenetako batekin batera.

Senarrarekin elkarlanean antzezlanak idazteaz gain, Muriel Boxek Gainsborough Picturesen gidoigintza saila hartu zuen bere gain. Sydneyk zuzendu zuen konpainia hori, eta The lost people (1949) filmean zuzendari lanak egin zituen Muriel Boxek.

1951n, Sydneyk London Independent Producer konpainia sortu zuen, eta Muriel Boxek "Britainia Handiko zinean eta gizartean ongi ikusiak ez ziren" proiektuak egin ahal izan zituen bertan, Zinemaldiak jakitera eman duenez.

Ekoiztetxearen babesa izanda ere, Muriel Boxek garaiko aurreiritzi matxistak pairatu behar izan zituen; hala, So long at the fair (1950) pelikula zuzentzekoa zen, baina Jean Simmons aktorearen presioagatik, azkenean Terence Fisherrek eta Anthony Darnboroughek gidatu zuten grabaketa.

1949 eta 1964 artean 14 film luze zuzendu zituen, komedia erromantikoak gehienak, besteak beste, To Dorothy a son (1954), Simon and Laura (1955), The passionate stranger (1957), The Truth About Women (1957) eta, Rattle of a Simple Man (1964), bere azken lana.

Dramen alorrean, The beachcomber (1954), This Other Eden (1959), Irlandako gatazkaren ingurukoa, eta Too Young to Love (1960), adingabeen prostituzioa jorratzen duena, egin zituen; eta krimen kontaketetan, Street Corner (1953), Eyewitness (1956) eta Subway in the Sky (1959).

1946an Oscarra jaso zuen bigarren emakumea izan zen, Frances Marionen atzetik, The seventh veil-erako egin zuen gidoiagatik.

Quim Casasek eta Ana Cristina Iriartek koordinatu duten Muriel Boxi buruzko liburuaren aurkezpenak osatuko du atzera begirakoa. Argitalpen horretan Rachel Cookeren, Hanna MacGillen, Eulalia Iglesiasen eta Carlos Losillaren artikuluak jaso dituzte, besteak beste.

Albisteak (4)