Itxi

66. edizioa

18 produkzio lehiatuko dira Zabaltegi-Tabakalera Sarian, Zinemaldian

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

12 film luze eta sei film labur izango dira ikusgai. Hainbat gaik inspiratutako sailak eta pelikulak emango dituzte: fizkiozkoak, animaziozkoak, edo artxiboko materiala erabiliz editatutakoak.

'Bergman - ett ar, ett Liv / Bergman - A Year in a Life'. Argazkia: sansebastianfestival.com.

18 produkzio lehiatuko dira Zabaltegi-Tabakalera Sarian, Donostian, Zinemaldiaren 66. edizioan, lehiaketaren sekziorik zabalenean. Guztira, 12 film luze eta sei film labur izango dira ikusgai; hainbat gaik inspiratutako sailak eta pelikulak emango dituzte: fikziozkoak, animaziozkoak, edo artxiboko materiala erabiliz editatutakoak. Adibidez, Bergmanen zinema edo Calaisko migratzaileen egoera dituzte hizpide pelikula horiek.

Zabaltegi-Tabakalerak 'Kraben Rahu / Manta Ray' pelikularen aurkezpena eskainiko du. Phuttiphong Aroonpheng (Bangkok, 1976) da zuzendaria, eta horixe da, hain zuzen ere, bere lehen filma; Venezian eta Toronton ere izan da. Arrantzale baten istorioaren berri ematen du; horrek basoan zauritutako eta konorterik gabe dagoen gizon bat erreskatatu du, eta hitzik gabeko lotura bat garatuko dute.

Bi Gan (Kaili, Txina, 1989) zuzendariaren 'Di qiu zui hou de ye wan / Long Day's Journey into Night' izango da film luzeetako beste bat. Bi Gan 'Kaili Blues' pelikularekin estreinatu zen, eta horixe da haren bigarren filma. Cannesen eman zuten, eta gizon bat da protagonista; bere sorterrira bueltatu da, emakume baten bila.

'La casa lobo' stop-motioneko animaziozko film luzea Cristobal Leon eta Joaquin Cociña zuzendari txiletarrena da (biak 1980an jaio ziren); Berlinalen eta Annecyn ere eman dute, eta hainbat sari eskuratu ditu. Txileko hegoaldeko etxe batera joan den emakume gazte baten istorioaren berri ematen du; alemaniarren kolonia batetik ihes egina da.

'Bergman - ett ar, ett Liv / Bergman - A Year in a Life'

Cannes Classicsen ere eman zuten 'Bergman - ett ar, ett Liv / Bergman - A Year in a Life' pelikulak, Jane Magnussonena bera (Stockholm, 1968), zuzendari suediarraren urterik esanguratsuenetakoa islatzen du; izan ere, urte berean egin zuen Bergmanek ‘Det sjunde inseglet’ eta ‘Smultronstället’.

'Sophia Antipolis' Virgil Vernierren bigarren filma (Paris, 1976) Locarnon ere izan zen ikusgai; zuzendari frantziarrak Mediterraneoren, basoaren eta mendiaren artean dagoen lurralde bitxi bateko komunitate bat aztertzen du.

Elena Lopez Rieraren 'Los que desean' eta Maddi Barberren '592 metroz goiti' film laburrak emango dituzte; horietaz gain, Lucile Hadzihalilovic frantziarraren 'De Natura' ere izango da. Hadzihalilovicek, 2004an, 'Innocence' pelikularekin, New Directors saria eskuratu zuen, eta 2015ean Sail Ofizialean izan zen, 'Evolution' filmarekin (Epaimahaiaren Sari Berezia eman zioten).

Ines Moldavsky argentinarraren 'The Men Behind the Wall' pelikula ere izango da ikusgai. Berlinen estreinatu zuten, eta Israelen bizi den emakume baten istorioaren berri ematen du; Zisjordanian bizi diren hainbat gizonekin harremanak ditu, Tinder aplikazioaren bidez. Horrez gain, Jose Luis Torres Leiva txiletarraren 'Sobre cosas que me han pasado' ere lehiatuko da; zuzendari horrek 2016an eta 2017an ere parte hartu zuen, 'El viento sabe que vuelvo a casa' eta 'El sueño de Ana' pelikulekin, hurrenez hurren.

Jean-Gabriel Perioten 'Song for the Jungle' film laburra ere emango dute. Calaisen egina da; Ingalaterrara joateko zain dauden milaka migratzaile daude bertan. Perioten lehen pelikula, 'Una jeunesse allemande / A German Youth' Berlinalen eman zuten, eta Zabaltegirako hautatu zuten, eta bigarrena, 'Natsu no hikari - Lumières d'été', 2016an, New Directorsen lehiatu zen.

Guztira, hortaz, 18 pelikula lehiatuko dira Zabaltegi-Tabakalera sarirako; Bruno Dumonten 'Coincoin et les z'Inhumains / Coincoin and the Extra-humans', Albertina Carriren 'Las hijas del fuego', Jean-Luc Godarden 'Le livre d'image / The Image Book', Hu Boren 'Da xiang xi di er zuo / An Elephant Sitting Still', Federico Veirojen 'Belmonte', Xacio Bañoren 'Trote', eta Lola Ariasen 'Teatro de guerra' ere bertan izango dira.

Albisteak (6)