66. zinemaldia
Kore-edak Donostia Saria jaso eta 'Manbiki kazoku' aurkeztuko du gaur
agentziak | erredakzioa
Zuzendari japoniarrak Cannesen Urrezko Palma eskuratu duen pelikula aurkeztuko du. Izaro, Zinemiran, eta Alpha the Right to Kill, Rojo eta Yuli, Sail Ofizialean, lehian sartuko dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Hirokazu Kore-edak 66. Zinemaldiaren bigarren Donostia Saria jasoko du gaur, 20:30ean, Victoria Eugenian, eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango da ekitaldia zuzenean. Zuzendari horren Manbiki kazoku/Shoplifters filmaren, 2018ko Cannesek Urrezko Palma irabazlearen, emankizunak jarraituko dio sari-emate ekitaldiari.
Zinemaldiaren ohorezko saria eskuratuko duen lehenengo asiarra izango da.
Aurtengoarekin, hamargarren aldiz parte hartuko du Kore-edak Donostia Zinemaldian. Aurretik, Sail Ofizialean lehiatu da Wandafuru raifu / After Life (1998), Hana yori mo naho / Hana (2006), Aruitemo auritemo / Still Walking (2008) eta Kiseki / I Wish (Milagro, 2011) –gidoi onenaren saria lortu zuen– filmekin; Zabaltegi-Bereziak sailean Nochi-no-hi / The Days After (2011) eta Perlak sailean Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son (2013), Umimachi Diary / Our Little Sister (2015), Umi yori mo mada fukatu / After Storm (2016) eta Sandome no satsujin / The Third Murder (2017) filmekin.
Sail ofiziala
Bestalde, Sail Ofizialean Alpha the Right to Kill, Rojo eta Yuli lehian sartuko dira.
Lehenengoa, Alpha the Right to Kill, Brillante Mendoza filipinarraren lana da, legez kanpoko drogen aurkako borroka eta ustelkeria jorratzen dituena.
Rojo-n, Benjamin Naishtatek (Buenos Aires, 1986) 1970eko hamarkadan girotutako istorio bat kontatzen du. Heriotzak, sekretuek eta isiluneek zizelkatutako lana da.
Iciar Bollain aktore eta zuzendari madrildarrak Yuli aurkeztuko du lehian, Carlos Acosta dantzari kubatarraren bizitza ardatz duen pelikula.
Zinemira
Bertako zuzendarien sailean, Zinemiran, Txuspo Poyo altsasuarrak Izaro dokumental/entsegua aurkeztuko du, irlaren nortasunaz, historiaz eta ondareaz berrikusketa lana.