66. Zinemaldia
Telmo Esnalen 'Dantza' hartuko du gaur Zinemaldiaren Sail Ofizialak
eitb.eus | erredakzioa
Lehiaz kanpo bada ere, euskaraz egindako pelikula jaialdiko sail garrantzitsuenean emango dute. Zinemiran, berriz, Antonio Diaz Huertaren 'Gallo'ren txanda izango da.
Telmo Esnalen Dantza filma emango dute gaur Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean. Aurten jaialdiaren sail garrantzitsuenean emango duten euskarazko film bakarra izango da, baina lehiaz kanpo.
Aupa, Etxebeste! film arrakastatsuaren zuzendari zarauztarrak Glocal in Progress saria eskuratu zuen proiektu honekin iaz.
Bizitzaren eta heriotzaren zikloari buruzko istorio bat da Dantza, bizirik irauteko borrokarena. Horretan, denboraren iragatea naturaren ibilbideak markatuko du. Eta dantza da hori kontatzeko hautatutako hizkuntza.
Dantza lanaz gain, Sail Ofizialak Beutiful Boy eta Le Cahier Noir filmen emanaldiak ere hartuko ditu.
Beautiful Boy-en, Felix Van Groeningen zuzendari eta gidoilari belgikarrak David eta Nick Sheffen memoriak hartu ditu oinarri, urte luzez adikzioari aurka egin behar izan zion familia baten biziraute, berrerortze eta berroneratze istorio lazgarri eta inspiratzailea kontatzeko.
Rosa Valeria Sarmiento Martinezek, bestalde, Le Cahier Noir aurkeztuko du, XVIII. mendearen amaieran bizitako abenturen historia: batetik, jatorri misteriotsuko umezurtz txikia; bestetik, jatorri ezezaguneko italiar erizain gaztea.
Zinemiran, Antonio Diaz euskal zuzendaria Gallo lanarekin joango da, bere lehen lanarekin. Aitor Francesena surflari zarauztarra da 'Gallo', 14 urterekin begi bateko ikusmena galdu zuena, eta 39rekin beste begiarena.