Itxi

Bilbon

20 urtean zehar Zinemaldian bildutako 350 autografo, enkantean

Erredakzioa

Incolaza jatetxea zenak bildutako lau bisita liburu dira. Besteak beste, Woody Allen, Charlton Heston eta Anthony Hopkins izarrek sinatu zuten bertan. 3.000 eurotan irtengo da enkantean.

Martxoaren 2an eta 3an, 20 urtean zehar Zinemaldian bildutako 350 autografo jarriko dituzte enkantean, Bilbon. Incolaza jatetxea zenak bildutako lau bisita liburu dira, eta, bertan 1989tik 2010era bitartean jatetxean izan ziren hainbat zinema izarren autografoak daude.

Woody Allen, Charlton Heston, Anthony Hopkins, John Malkovich, Richard Gere, Bernardo Bertolucci, Julian Schnabel, Anjelica Huston, Joel Coen, Christopher Lee, Antonio Banderas eta Javier Bardem dira liburuetan sinatu zutenetako batzuk. Joan Manuel Serrat abeslaria, Forges umorista eta Mario Vargas Llosa literaturaren Nobel sariduna ere badaude zerrendan.

Enkantea Bilbao XXI etxean egingo dute, eta 3.000 eurotan irtengo da sorta. Álvaro Jubera bertako arduradunetako baten hitzetan, baliteke 6.000 edo 7.000 euro ere ordaitzea lau liburuengatik.

Oteizaren eskulturetako bat, 90.000 eurotan
Autografo liburuak ez dira egun horietan enkantean jarriko diren objektu bakarrak. Jorge Oteizaren eskulturetako bat erosteko aukera ere egongo da, 90.000 eurotan hasita. Artistak bere emaztearen bustoa oinarri hartuta 1947an sortu zuen Itziar lana da salgai jarriko dutena.


Albisteak (1)