DONOSTIA SARIA
Penelope Cruzek irailaren 27an jasoko du Donostia saria
EITB.EUS
Saria banatu ostean, Olivier Assayasen 'Wasp Network' proiektatuko da; espainiar aktorea bera da filmaren protagonista.
Irailaren 27an, 22:00etan, laneko ibilbide osoaren Donostia saria jasoko du Penelope Cruzek Kursaalean. Saria banatu ostean, Olivier Assayasen Wasp Network proiektatuko da; espainiar aktorea bera da filmaren protagonista. Ekitaldirako sarrerak jadanik salgai daude Zinemaldiaren webgunean, 45 euroko prezioan.
Wasp Network filmak Veneziako zinema-jaialdian izango du munduko estreinaldia. Frantzia, Brasil, Espainia eta Belgika arteko koprodukzio horrek, besteak beste, Edgar Ramírez, Gael García Bernal, Wagner Moura, Ana de Armas eta Leonardo Sbaraglia aktoreak bildu ditu antzeztaldean Penelope Cruzekin batera. Kubatar espioien sare bati 90eko hamarkada amaieran AEBn espiatzea eta erailtzea leporatu zitzaienekoa kontatuko digu filmak. Espainian, Wanda Films enpresak banatuko du.
Olivier Assayasek Zuzendari Berriak sailean aurkeztu zuen bere lehen film luzea, Désordre. Harrezkero, Donostian hainbat sailetan parte hartu dute haren lanek.