Itxi

DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Zinemaldirako sarrerak erosteko arazoek kaosa eragin dute lehen hiru orduetan

eitb.eus

Leer en Castellano

09:00etan jarri behar ziren salgai sarrerak baina jaialdiko antolakuntzak jakitera eman duenez, sarrerak saltzeko sistemak huts egin die eta ezin izan da sarrerarik erosi 12:30ak arte.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Donostiako Zinemaldiaren 67. edizioko sarrerak gaur, irailak 15, ziren salgai jartzekoak 09:00etatik aurrera bide guztietan: Zinemaldi Plazako leihatilan (Kursaaleko beheko solairuan), Kursaal Elkarguneko leihatilan (Sail Ofizialeko abonamenduak eta 10 sarreratik beherako erosketak) eta Interneten (sansebastianfestival.janto.es eta tickets.kutxabank.es), baina sistemak huts egin du eta 12:30 arte ezin izan dira erosi.

21:00etarako 66.000 sarrera saldu dituzte, iaz ordu berean baino 800 gutxiago, ETBk antolakuntzako iturriek aipatuz zehaztu duenez. Goizean izan dituzten arazo teknikoak kontuan izanda antolatzaileak "oso gustura" agertu dira lehen eguneko salmentekin.

'Arazo teknikoak direla eta, ezin dira sarrerak saldu edozein salmenta kanaletik' dioen kartela jarri du antolakuntzak Kursaaleko leihatilan goizean goiz. Eta antolatzaileek mezua zabaldu dute beraien web orrian zein sare sozialetan.

Gauzak horrela, ehunka lagun zain izan dira Kursaal aurrean goiz osoan, sarrerak hartzeko. Tartean, gaua ere bertan igaro duten hainbat. Sare sozialak haserre zegoen jendearen mezuz bete dira, Internetetik sarrerarik erosi ezinda zeudelako.

Eguerdian oraindik ez zegoen arazoa konponduta. Barkamena eskatu du antolakuntzak eta sarreren intzidentzietarako arreta telefonoa jarri dute erabiltzaileen eskura: 943 05 55 30.

12:12 aldera, 12:30erako konponduta egongo dela sistema iragarri dute euren sare sozialen bidez.

Ordua iritsita, sistema operatibo jarri da berriz ere, baina une horretan sarrerak erosten saiatzen ari zen jende oldea zela eta, batek baino gehiagok arazoak izan ditu.

Gauzak horrela, kexek denbora luzea iraun dute sareetan. Askoren iritziz, "arazoak urterokoak diren arren, aurtengoak marka guztiak hautsi ditu".

Sarrerak erosteko aukera martxan den honetan, gogoratu saio bakoitzeko guztira 4 sarrera erosi ahalko dituela pertsona bakoitzak, eta 7,90 euro balio duten saioetarako 10 sarrera baino gehiago erostean % 25eko beherapena egingo dela, baldin eta erosketa bakar batean egiten bada.

Bideo honetan goiza Kursaal aurrean igaro duten hainbat lagunen hitzak:

Beste sarrera batzuk

Donostia Sariak emateko, inaugurazioko eta amaierako galen sarrerak salgai daude duela hainbat astetatik.

Irailaren 20tik aurrera, gainera, sarrerak hemen ere erosi ahalko dira: Victoria Eugenia antzokia, Tabakalera eta Principe zinema aretoak. Irailaren 21etik aurrera, bestalde, Trueba eta Antiguo Berriko leihatiletan eskuratzeko aukera egongo da.

Antonio Elorza Belodromoko sarrerak bertako leihatilan ere egongo dira salgai, saioak hasi baino bi ordu lehenago.

Proiekzioaren egunean bertan salduko diren sarrerak 08:30etik aurrera erosi ahal izango dira Internet bidez, K1-eko arratsalde-gaueko saioetakoak izan ezik. Kasu horretan, sarrerak honela erosi beharko dira: 16:00etako saioen sarrerak, 08:30etik aurrera, Interneten, Zinemaldi Plazako leihatiletan eta Kursaaleko leihatiletan; eta gainerako saioetakoak, 17:00etatik aurrera, Kursaaleko leihatiletan.

San Telmo Museoko proiekzioak, Roberto Gavaldonen atzerabegirakoari lotutakoak, doakoak izango dira, eta gonbidapenak Zinemaldi Plazako leihatiletan jaso beharko dira.

Programazioa

Zinemaldiak ohi baino lehenago jakinarazi du aurtengo programazioa. Sail guztietako film guztien ordutegiak irailaren 11tik argitaratuta daude Zinemaldiaren webgunean.

Zinemaldiko emanaldi guztien informazioa biltzen duen Filmen Gida ere eskuragarri  dago Tabakalerako informazio gunean 1,60 euroren truke, 10:00etatik 20:00ak arte, ordutegi jarraian. Gipuzkoako kiosko eta liburu denda nagusietan ere eskuratu ahal izango da.

Lankidetza

EiTBk eta Donostia Zinemaldiak lankidetza-hitzarmena berritu dute ostiral honetan, irailak 13, Donostiako Victoria Eugenia antzokian izan den ekitaldian. Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak sinatu dute ituna. Hartara, Zinemaldiarekin duen konpromisoa berritu ondoren, aurten ere EiTBk Zinemaldiaren berri eman eta jarraipen handia egingo dio Taldearen hedabide guztietan.

Albisteak (6)

Bideoak (1)