'Adults in the Room'
Varoufakis ez da Zinemaldira joango Costa-Gavrasi Donostia Saria emateko
Agentziak | Erredakzioa
Zuzendariaren azken pelikula Greziako Finantza ministro ohiaren ibilbidean dago oinarrituta. Sari banaketaren ostean emango dute.
Yanis Varoufakis, Greziako Finantza ministro ohia, ez da Costa-Gavrasi emango dioten Donostia Sariaren ekitaldira joango. Sari banaketaren ostean Adults in the Room filma emango dute, politikoaren memoria liburuan oinarritua.
Zinemaldiak azaldu duenez, Varoufakis "azken orduko konpromisoengatik" ez da egongo. Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak emango dio saria Costa-Gavrasi.
Proiekzioan izango dira Christos Loulis, politikari greziarraren papera izan duen aktorea; Valeria Golino, pantaila handian Danae Stratou emaztea izango dena, eta Alexandros Bourdoumis, Alexis Tsiprasen papera izan duen aktorea.
Costa-Gavras (Loutra-Iraias, 1933) izango da eguneko protagonista. Zinema politiko eta konprometituaren adierazgarri nagusia izateagatik emango dio saria Zinemaldiak jatorri greziarreko zuzendari frantziarrari. Berak zuzendutako pelikulen artean daude: Z (1969), Missing (1981), Music Box (1989), Le couperet (2004) eta Le capital (2012).
Adults in the Room pelikulan, Yanis Varoufakis Finantza ministroa izan zeneko garaira hurbildu da zuzendaria, krisi finantzarioaren erdian, 2015ean. Urriaren 18an estreinatuko dute aretoetan.