Itxi

Inaugurazioa

Pelikulak zinema-aretoetan ikusteko deiarekin hasi da 67. Zinemaldia

Mikel Dominguez | eitb.eus

Leer en Castellano

"Zinemaren erritua" goraipatu du 67. Donostiako Zinemaldiak hasiera ekitaldian. Hau da, pelikulak areto ilun batean eta beste pantailen distrakziorik gabe ikustearen alde egin du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

"Pelikulak ikustera zinemara joateko" deialdia eginez ekin diote 67. Donostiako Zinemaldiari. Loreto Mauleonek eta Cayetana Guillen Cuervok aurkeztu dute Zinemaldiaren hasiera ekitaldia, Kursaal aretoan. Biek "zinemaren erritua" aldarrikatu dute galan.

Bederatzi egunez, mota askotako zinemazale Donostiako aretoetan sartuko dira pelikulak ikusteko. Hala ere, zinemaz gozatzeko modu hori zaharkituta dagoela ematen du. Inaugurazio galan defendatu dutenez, gehiegizko informazioaren eta garai hauetako berehalakotasunaren beharraren aurrean, "luxua da pelikula batez bakartuta eta kontzentratuta gozatzea", eta gainera, horrela "errespetua" erakusten zaie sortzaileei.

Aurkezleek azaldu dutenez, inoiz baino zinema gehiago kontsumitzen dugun arren, "agian ez dugu modu egokian egiten". Pantaila bat baino gehiagotan arreta jarriz, ikusleak istorioa eta emozioa "galtzen" ditu, eta horregatik, Zinemaldiaren 67. edizioak zinema eta bere erritua, bere zeremonia, aldarrikatu nahi ditu.

Gainera, genero zinematografikoen errepasoa egin dute, gaur egungo zenbait egileekin: komedia, Javier Calvo eta Javier Ambrossirekin; thrillerra, Leticia Dolerarekin; terrorea, Paul Urkijorekin; animazioa, eta drama soziala eta politikoa, aurten Zinemaldiak bereziki defendatuko duen generoa.

Hasiera ekitaldian Epaimahai Ofiziala ere aurkeztu dute. Neil Jordan zinemagile irlandarra du buru. Gogorarazi duenez, hamasei dira aztertuko dituzten filmak, eta zinemaren esanahiaz ere eztabaidatuko dute.

Ohi bezala, kritikarien FIPRESCI Saria eman dute hasiera ekitaldian. Alfonso Cuaron zuzendariaren Romak irabazi du. Gabriela Rodriguez ekoizleak, saria jasotzean, pelikula mexikarra oso "berezia" izan dela esan du.

Gabriela Rodriguez. Argazkia: EFE

Hiru Donostia Sari

Penelope Cruzek, jaialdiaren aurtengo kartel ofizialetan ageri den aktoreak, edizio honetako hiru Donostia sarietako bat jasoko du irailaren 27an, Costa-Gavras Greziako frantses zinemagileak (irailak 21) eta Donald Sutherland kanadar aktoreak (irailak 26) ere ohorezko sari hori jaso eta gero.

Egunotan hirian izango diren zinemaren munduko pertsona ospetsuen zerrendan, Donostia saria jasoko dutenez gain, hauek ageri dira: Hirokazu Koreeda, Ken Loach, Darren Aronofsky, Olivier Assayas, Olivier Nakache eta Éric Toledano zuzendariak, eta Ricardo Darín, Juliette Binoche, Eva Green, Kristen Stewart, Gael Garcia Bernal, Javier Bardem eta Laetitia Casta aktoreak.

La trinchera infinita, Sail Ofizialean

Sail Ofizialean, La trinchera infinita pelikulak, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi Loreak eta Handia filmen zuzendarien lan berriak, ordezkatuko du euskal zinema, eta bide honetan aurkari izango du, besteak beste, Mientras dure la guerra filma, Alejandro Amenabarren esanetara Karra Elejalde Miguel de Unamuno bilbotar idazlearen paperean erakusten duena.

Horiez gain, Sail Ofizialean izango dira James Franco zuzendari eta aktorea, zeinak Zeroville filma ekarriko baitu Donostiara, duela bi urte The Disaster Artist filmarekin Urrezko Maskorra irabazi eta gero. Thalasso ere lehiatuko da atal horretan, Michel Houllebecq, Zinemaldira bertaratuko den idazlea, protagonista duen pelikula.  

Halaber, Maider Fernandez Iriarte donostiarrak New Directors sailean aurkeztuko du Las letras de Jordi dokumentala, eta Zabaltegi-Tabakalera sailean ikusi ahalko dira Izibene Oñederra, Maddi Barber eta Ion de Sosa euskal zinemagileen azken lanak, Lursaguak, Urpean lurra eta Leyenda dorada, hurrenez hurren.

Irailaren 24an, asteartearekin, gainera, Euskal Zinemaren Gala ospatuko dute Zinemaldian, eta Agur Etxebeste estreinatu eta Txepe Lara ekoizlea omenduko dute hitzordu horretan. Egun bat geroago, asteazkenean, EiTBk bere urteroko gala egingo du, eta Una ventana al mar Miguel Angel Jimenezek zuzendu duen eta aktore protagonista Emma Suarez duen filma estreinakoz ikusi ahalko da bertan.

Zinema politikoa

Zinema politikoak berebiziko tokia hartuko du Zinemaldiaren 67. edizioan. Hain zuzen, Costa-Gavrasek Donostia saria jasoko du irailaren 21ean, eta, egun horretan, Adults in the room aurkeztuko du, Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministro ohiaren autobiografian oinarritutako pelikula. Varoufakis Gipuzkoako hiriburuan izatea aurreikusita zegoen, baina azkenean ez da Donostia Sariaren ekitaldira joango.

Gainera, Ken Loach britainiar zinemagilea Perlak sailera itzuliko da, Sorry, we missed you langileen baldintzak salatzen dituen film soziala erakuste aldera.

Albisteak (4)

Bideoak (1)